Orokieta Herri Eskolako Haur Hezkuntzako patioan berrikuntza lanak egin dituzte udan zehar, eta ikasleek jada espazio berriaz gozatzeko aukera dute ikasturte berri honetan. Berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituta eraiki dute patioa, aurreko agintaldian Lehen Hezkuntzako eraikinean jarraitutako ildo beretik.
Espazio berriaren proiektua Orokieta Herri Eskolako langile, ikasle eta guraso elkartearen artean sortu zen, eta Zarauzko Udaleko Hezkuntza eta Herrilan departamentuek elkarlanean gauzatu dute obra. Horretarako 149.675,97 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du udala..
Aurrerantzean, Orokietako ikasleek ez ezik, zarauztar orok gozatu ahal izango du bertako eremuaz eta instalatu dituzten jokoez. “Herri Eskolako instalazioak hobetzeaz gain, herritar guztientzako eskuragarri egongo den aisialdi azpiegitura paregabea da hau”, adierazi du Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak.
Bihartik aurrera, HHko eraikineko patio berria zabalik izango da, eskola orduetatik kanpo, 09:00etatik 19:00etara. “Herritar guztiei gonbita egiten diet patio berri honetaz gozatzera, betiere, bertako espazio eta jokoekiko errespetua erakutsiz eta hauei erabilera egokia emanez”, nabarmendu du Urbietak.