Udaberri jubilatuen elkarteak prest du urrirako egitaraua. Hainbat ekintza antolatu dituzte hurrengo hilabeterako, eta horietan lehenengoa izango da Adinekoen Astea. Zarauzko Udalak antolatutako ekimena da, Zarauzko Adinekoen Mahaiarekin elkarlanean osatzen duena, eta aurten urriko lehen sei egunetan ospatuko dute. Aste horretako ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek hilaren 23tik 26ra, udaberriko elkartean.
Zehazki, toka, igel, dardo, petanka, seiko eta mus jokoetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, baita Zarauzko herria eta Frantziskotarren eliza ezagutzeko egingo duten bisita gidatuan ere.
Bestalde, urriaren 16an Añanako gatzagetara egingo dute txangoa, eta bertan izena emateko aukera izango dute herritarrek irailaren 30etik urriaren 11ra bitartean. Idazketa sortzailea lantzeko tailer bat ere antolatu dute, doakoa izango dena, eta urriko ostegunetan izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara.