Xabat Olaizolak eta Izeta VI.ak Euskal Pentatloiako finala jokatuko dute bihar

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 20a, 12:00

Ezkerretik eskubira, Olaizola, Irazabal, Telleria, Zaldua, Zelai eta Izeta atzo, zezen plazan, finalaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Bihar jokatuko dute zezen plazan (22:00) aurtengo finala, eta atseden hartuko du ondoren egitasmoak, 2026an itzultzeko asmoarekin. Azken hiru edizioetan txapela jantzi duen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a laugarrenaren bila aterako da bihar; Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal, Xabier Zaldua eta Beñat Telleria izango ditu lehiakide.

"Ez da 'agur' bat izango, 'gero arte' bat baizik". Duela zazpi urte Euskal Pentatloia berreskuratu zuen lantaldeak atseden hartuko duela iragarri du. "Gogorra da kirol hau eta gogorra kirolarien prestakuntza, gogorra antolakuntza eta gogorra intentsitatea. Intentsitate eta gogortasun horregatik, Euskal Pentatloiak atseden bat hartuko du", adierazi dute pentatloiaren antolatzaileek finalaren atarian. Aro berriko zazpigarren final handia bihar jokatuko dute, aurreko guztiak bezala, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan; eta hori izango da, momentuz, harri jasotzea, giza proba, aizkora, txingak eta korrika uztartzen dituen herri kirol jarduera ikusgarriaren azken hitzordua. "Indarberrituta" bueltatzeko esperoan erabaki dute etena egitea antolakuntza taldekoek, eta zehaztu dute hurrengo edizioa 2026an antolatzea dela beren asmoa.

"Final berezia izango da, final lehiatua izango da, eta final jendetsua izatea gustatuko litzaiguke", diote antolatzaileek. Izan ere, aurtengo ekitaldiak "aro berriko Euskal Pentatloia berpiztu zeneko giroa, publikoa eta sentimendua berreskuratzea merezi" duelakoan daude.

Beste marka baten bila

Aurten ere sei kirolari lehiatuko dira final nagusian, joan den irailaren 7ko kanporaketan txartela lortu zuten seirak, hain zuzen: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabat Olaizola zarauztarrak, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal, Xabier Zaldua eta Beñat Telleria. Sailkatze saioan lortutako denborei erreparatuta, azken hirurak lehiatuko dira finaleko lehen txandan; hiru denbora onenen jabeak, berriz, bigarrenean. 2023ko finalarekiko aldaketa bakarra dauka 2024ko finalisten zerrendak: aurten kanporaketan zortzigarren postua lortu duen Julen Kañamaresen tokia hartu du Beñat Telleriak, Bigarren Mailako Euskal Pentatloiaren txapeldunak.

Aurten ere, bigarren urtez jarraian, Izeta VI.a kanporaketa saioko marka hautsita sailkatu da finalera: Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak 40 urte lehenago ezarritako marka hautsi zuen Aiakoak iaz (11.48), eta duela urtebeteko bere markari 41 segundo jan dizkio aurten (11.07). Beraz, aurten ere, aiarra da Euskal Pentatloiaren txapela janzteko faborito nagusia. Iruretagoienak berak irabazi ditu aurreko hiru edizioak, eta bihar laugarren txapela janztea lortzen badu, beste marka bat ezarriko du pentatloian. Joxe Mari Olasagasti aurreko aldian, eta Xabier Zaldua eta Izeta bera aldi berrian dira, bakoitza hiru txapelekin, Euskal Pentatloiaren palmaresean garaipen gehien dituzten kirolariak; horrenbestez, bihar irabazten badu, Izeta VI.a gailenduko da irabazleen zerrenda horretan ere.

Azken urteetan batetik besterako alderik gehiegi nabarmendu gabe nagusitu da Izeta, baina sailkapen saioan baino lan luzegoa eta, beraz, gogorragoa izaten dute kirolariek finalean. Bihar, 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko enbor moztu, txinga eroaten sei plaza bete, eta korrika hiru kilometro egin beharko dituzte finalistek Azpeitiko zezen plazan.

Izeta eskolakoaren nagusitasuna nabarmena izan da orain arte, baina Urola Kostako beste ordezkariak, Xabat Olaizola zarauztarrak, edota sailkapen saioan bigarren sailkatu zen Zelai IV.ak egungo txapeldunari itzala egiteko esperantza ez dute baztertzen jarraitzaileek. Gisasolak, gainera, historiako hirugarren markarekin lortu du finalerako txartela; Izetak bakarrik bete ditu azkarrago, bitan, sailkatze saioko lanak.

Sarrerak eta ordutegiak

25 eurotan ari dira saltzen Euskal Pentatloiaren finalerako sarrerak Azpeitiko Landetako Mendizabal erretegian, eta prezio berean salduko dituzte bihar zezen plazako leihatilan, 20:00etatik aurrera.

20:30ean zozkatuko dituzte aizkora saiorako enborrak zezen plazan bertan, eta 21:00etan irekiko dituzte ateak ikusleentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide