Julen Zulaika bertsolari zarauztarrak asteburu honetan ekingo dio 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehiari. Aurreko asteburuan bezalaxe, bi final zortzireneko jokatuko dituzte asteburu honetan ere, bata Lazkaon eta bestea Elgoibarren. Hain zuzen, Zulaikak Lazkaon kantatuko du larunbatean, 17:00etan, Areria aretoan. Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu eta Oihana Arana ariko dira saio berean.
Aner Peritz Euzkitze eta Iñigo Mantzizidor Mantxik ere parte hartu dute txapelketan, aurreko astean Lasarte-Orian jokatu zuten final zortzirengoan. Bertan, Amaia Iturriotzek lortu zituen puntu gehien, eta bera igaro da final laurdenetara.
Finalaurreko bat, Modelon
Final zortzirenak eta final laurdenak igarota, finalaurrekoak jokatuko dituzte azaro amaieran eta abendu hasieran. Gainera, horietako bat Zarautzen jokatuko dute, azaroaren 24koa, hain zuzen ere. Aritzbatalden izango da, 17:00etan, eta bertan Eibarko eta Azkoitiko saioetako irabazleak, eta puntuazioz laugarren, zazpigarren, hamargarren eta hamahirugarren sailkatutakoak leihatuko dira.
Txapelketaren saio guztiak, finala barne, 17:00etan hasiko dira. Saio guztietarako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.