Louis Kahn arkitektoaren lanaz hitz egingo dute gaur Photomuseumen

Intza Trula 2024ko ira. 20a, 09:00

Louis Kahn arkitektoa.

18:00etan jarri dute hitzordua, eta sarrera doakoa izango da.

Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako kultur hedapenerako Gela programaren barruan Louis Kahn arkitekto estoniarraren lan ibilbidea izango dute hizpide gaur Photomuseum argazki eta zinema museoan. Saioa 18:00etan hasiko da, eta sartzeko ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Louis Isador Kahn (1901–1974), Itze-Leib Schmuilowsky izenez jaioa, Filadelfiako arkitekto ospetsua izan zen. Hiri horretan hainbat estudiotan lan egin ostean, enpresa propioa sortu zuen 1935. urtean. Aldi berean, diseinuaren kritikari eta Yaleko Unibertsitateko Arkitektura Eskolan irakasle modura ere lan egin zue 1947. urtetik 1957. urtera bitartean. Hortik aurrera, arkitekturako irakasle gisa egin zuen lan Pensilvaniako Unibertsitateko Diseinu Eskolan.

Kahnen estiloak, antzinako aztarnen eraginez, monumentalismora eta monolitismora jotzen du, denboragabetasunera. Besteak beste, Bangladesheko Dhakako Batzar Nazionala (1962), New Hampshireko Phillips Exeter Academyaren Liburutegia (1965) edo Ikerketa Biologikoen Salk Institutua (1959) dira bere lanik aipagarrienak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide