Zainketa sektorean aritzen direnei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu ditu UKUEk

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 19a, 12:00

Gai horren inguruko bi sentsibilizazio jardunaldi ere antolatu ditu udal elkarteak. Denak ere urrian zehar emango ditu eta izen-ematea zabalik dago.

Zainketen sektorean lan egiten duten pertsonei zuzendutako ekintza sorta prestatu du Urola Kostako Udal Elkarteak urrirako. Hala, prestakuntza saioak eskainiko du, baita bi sentsibilizazio jardunaldi ere. Denak ere Zarauzko Oteitza lizeo politeknikoan eskainiko dituzte.

Estimulazio Psikoemozionala izeneko prestakuntza urriaren 7tik 10era bitartean emango dute, arratsaldez, 15:00etatik 17:30era bitartean. Bertan, mendekotasuna duten pertsonak modu kognitiboan, emozionalean eta fisikoan estimulatzeko teknikak irakatsiko dituzte. Jarduera hau zainketen sektorean lan egiten dutenen edo lan egin nahi dutenen trebetasunak hobetzeko diseinatuta dago.

Horrez gain, bi sentsibilizazio jardunaldi ere emango dituzte urrian. 23an eta 24an emango dituzte, biak 16:00etatik 18:30era. Bietan ere eguneroko zaintzaren garrantzia, pertsonen arteko harremanak, senideen eta zaintzaileen arteko mugak eta laneko ohiturak jorratuko dituzte. Lehen saioa zainketen sektorean lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsonei zuzenduta dago; bigarrena, berriz, mendekotasuna duten pertsonen senideei zuzendutakoa izango da. 

Euskararen inguruko ikastaroa ere eskainiko dute urrian. Euskara zaintza du izena saioak eta zaintzaileei zainketen sektorean euskaraz moldatzeko tresnak ematea helburu du. Zarauzko Udal Euskaltegiak emango du ikastaroa, eta oraindik ere datak zehaztu gabe badaude ere, UKUEk iragarri du arratsaldez emango dutela, 15:00etatik 18:00rako ordutegian.

Izen-ematea zabaldu du dagoeneko udal elkarteak. Azaldu du izena ematerako orduan lehentasuna izango dutela langabezian daudenek eta eskualdeko bizilagunek. Izena emateko 943 89 08 08 telefonora deitu daiteke edo lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide