Jasangarritasun eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuek bat egingo du aurten ere Mugikortasunaren Europako Astearekin. Kanpaina horren bidez, bai arduradun politikoak, bai herritarrak sentsibilizatu nahi dira garraiobide iraunkorragoak (bereziki, garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak) erabiltzeak osasun publikoan eta ingurumenean dituen onurei buruz.
Hala, ostiralean furgoneta-tailer batek bizikleten oinarrizko konponketa-zerbitzua eskainiko die Mugi pertsonalizatua aurkezten dutenei. Zerbitzua 16:00etatik 20:00etara emango dute Lege Zaharren enparantzan. Gainera, Zarautz Bikes dendak kanpainarekin bat egin du eta bizikletak doitzeko zerbitzua eskainiko die Mugiko erabiltzaileei.
Ekimen honen bidez, herritarrak matxura txikiengatik erretiratuta dituzten bizikletak erabiltzera animatu nahi dira, baita beste garraiobide batzuk, batez ere ibilgailu pribatua, etxean uztera animatu ere.
Aurreko edizioetan bezala, dendetan eta tailerrean aurkituko dituzten kupoiak bete eta parte hartzen dutenek bi bizikleta eta 50 euroko bi bonu zozketatuko dituzte atxikitako dendetan bizikleten materiala erosteko. Gainera, Mugi txartelean 20 euroko 60 birkarga zozketatuko dituzte.
Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak nabarmendu duenez, ekimen honek "helburu bikoitza du: batetik, mugitzeko modu iraunkorrak sustatzea eta, bestetik, herritarren artean bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzen laguntzea". Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak gehitu du azpiegituretan inbertitzea eta mugikortasun arduratsuan prestatzea "funtsezkoak" direla etorkizun iraunkorragoa sortzeko.