Badator Izeta Bikote Mistoen II. Mendi Lasterketa Solidarioa

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 18a, 10:00

Iazko irabazleak, Nerea Urteaga eta Jokin Gijarro zumaiarrak.

Izeta Sagardotegiak bigarrenez antolatu du korrika saioa, eta aurten ere, Marea Urdina egitasmoari laguntzeko izango da bildutako dirua. 6,4 kilometroko ibilbidea egingo dute helduek, eta ondoren, 14 urtez azpikoek 700 metroko lasterketa egiteko aukera edukiko dute.

Izeta Sagardotegiak 40 urte bete zituen iaz, eta hori ospatzeko, Izeta Bikote Mistoen Mendi Lasterketa Solidarioa antolatzea erabaki zuten. Urteurrena pasatu da, baina hitzorduari eutsi egin nahi diote urtero, eta igande honetan, hilak 22, egingo dute bigarren urtez korrika saioa. Lehia 09:30ean hasiko da Izeta Sagardotegi paretik bertatik –Aian, Elkano auzoan, Urdaneta bidean–.

Iaz bezala, 6,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, eta helduen lasterketa amaitzen denean, 14 urtez azpikoek izango dute lasterka egiteko aukera, 700 metroko ibilbidea osatuta. Izena emateko epea zabalik dago. 

Aurten ere, lortutako dirua Marea Urdina egitasmoari laguntzeko izango da. Aurreneko edizioan 60 bikote pasatxok parte hartu zuten, eta Jokin Gijarro eta Nerea Urteaga zumaiarrak izan ziren bizkorrenak.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide