Atzo zen hastekoa Zarautz-Lur erakunde publikoaren inguruko epaiketa Donostiako Auzitegiko Hirugarren Sekzioan, erakunde horretan gertatutako ustezko irregulartasunengatik. Dena den, hasiera hori atzeratu egin dute, eta bihar ekingo diote epaiketari, Gukak baieztatu ahal izan duenez. Joan den astean hedabide batek filtratutakoaren arabera, Kenari Orbe Zarautz-Lurreko kudeatzaile ohia da inputatu nagusia, eta prebarikazio eta bidegabeko erabiltzea egozten dio fiskaltzak.
Jon Urien Zarauzko alkate ohia ere inputatuta dago, nahiz eta bera izan zen 2011. urtean fiskaltzara jo zuena Orbe salatzera. Auziak hamahiru urte daramatza zabalik, beraz. Izan ere, Urienek berak salatu zuen 2011. urtean fiskaltzaren aurrean Kenari Orbe, garai batean Zarautz-Lurren kudeaketaz arduratzen zen AGM Abogados enpresako—egun BMP Abogados dena— ordezkaria, 2006. eta 2009. urteen artean Zarautz-Lur erakunde publikoaren kudeaketan 175.000 euro inguruko ustezko irregulartasunak egiteagatik. Fiskaltzak, "nahikoa zantzu" zegoela argudiatuz, Azpeitiko Epaitegira bideratu zuen kasua. 2013ko apirilaren 2an deklaratu zuen epaitegi hartan Urienek epailaren aurrean lekuko gisa. Orduan, ordea, epaileak bera ere inputatzea erabaki zuen, hainbat gastu egitea baimentzeko bere sinadura beharrezkoa zela argudiatuz.
Zarauzko Udalak, bere aldetik, hedabide honi esan dio epaiketa amaitutakoan egingo dituela dagozkion adierazpenak kasuaren inguruan. Oraingoz, ez dute jakinarazi noiz emango duten epaiaren berri.