Pala txapelketa mistoan izena emateko azken eguna izango da gaur

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 16a, 10:30

Pala txapelketako finalak hilaren 28an jokatuko dituzte, eta egun horretan bertan ospatuko dute Arrano tabernaren 40. urteurrena. Askotariko ekintzak antolatu dituzte egun horretarako. 

Arrano tabernaren 40. urteurrenaren barruan, egun osoko egitaraua antolatu dute irailaren 28rako. Bertan, besteak beste, kirola, dantza eta musika uztartuko dituzte. 

Egunari hasiera emateko, 10:00etan pala txapelketako finalak jokatuko dituzte. Horri dagokionean, antolatzaileek azaldu dute gaur izango dela txapelketan parte hartzeko azken eguna. Finalak amaitu eta gero, kalejira egingo dute 12:00etan Zarautz Trik taldearekin batera, eta 13:00etan, Jalgi dantza taldeak emanaldia eskainiko du Lege Zaharren Enparantzan. Goiz osoan zehar Goizeko Ihintza taldeko txistulariek ingurua alaituko dute, eta haurren txokoa ere izango da Frontoi Txikin.

Goiza botata, 14:30ean herri bazkaria izango da, eta musikarekin alaituko dute bazkalostea -Arranon eros daitezke txartelak-. Doinu itsaskorrek jarraipena izango dute arratsaldean, 18:00etan hasiko diren kontzertuekin. Hain zuzen ere, Herena, Fly Shit eta Pariak Bai taldeak igoko dira oholtzara. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide