Abian da asteburu osoa iraungo duen Shelter 4Teens surf txapelketa. Aurreikusita bezala, atzo arratsaldean hasi zen egitasmoa Kind Surf Challenge by Seiko probarekin, hau da, aniztasun funtzionala duten gazteekin, eta gaur 10 eta 14 urtez azpiko surflariak ari dira lehian, eguraldi paregabearekin. Eguerdi partean giro polita sortu da Borghetto inguruan.
Atzoko jardunaldiari dagokionez, 16:00etan hasi zen aurten Seiko erloju-enpresa japoniarrak babestu duen edizioa, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hamar enpresak hartu dute parte: Seiko, Orca-Orbea, Zumaia Offshore, Okin, Orona Fundazioa, Pukas Surf, HLC Skateboard, Quiksilver, Zarautz Turismoa eta Restaurante Karlos Arguiñanok, hain zuzen.
Sei laguneko taldeak osatu zituzten: enpresa bakoitzeko lau lagun, Kind Surf programako gazte bat eta surflari profesional bat. Erreleboka sartu ziren uretara, eta bakoitzak bi olatu hartu zituen, epaimahaiak puntuatzeko. Amaieran sari banaketa ekitaldia egin zuten.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, enpresa bakoitzak diru ekarpena ere egin du erronkan parte hartzeko, eta bildutakoa urte osoko Kind Surf programa finantzatzera bideratuko dute. "Uneotan, hain zuzen, programaren zazpigarren denboraldia egiten ari dira, maiatzean hasi eta urrira arte. Aniztasun funtzionala duten 24 gazte sartzen dira astero uretara, olatuak hartzera, eta atzoko erronkan parte hartuko zuten neska-mutilek urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko baliatu zuten saioa", esan dute.
Gaur eta bihar, gehiago
Gaur eta bihar, berriz, 14 eta 10 urtez azpiko nesken eta mutilen kategorietako eta surf egokituko parte-hartzaileen txanda ari da izaten. Aurreikusi bezala, 08:00etan sartu dira uretan lehenak, eta 19:00ak aldera arte ibiltzeko asmoa dute. 123 partaide dira, eta lau laguneko txandetan arituko dira: 10 urtez azpiko 44 neska-mutil, 14 urtez azpiko 14 neska eta 50 mutil eta surf egokituko 15 neska-mutil.
Gaurko txandetan sailkatutako neska-mutilek bihar jokatuko dituzte finalak: 08:00etatik 17:00etara 14 eta 10 urtez azpikoek, eta 12:00etatik 14:00etara surf egokituko parte-hartzaileek. Azkenik, 18:00etan egingo da sari banaketa ekitaldia. 14 urtez azpiko nesken eta mutilen kategorietako zortzi finalistek sari berezia jasoko dute: lau eguneko surfcamp-az gozatzeko aukera urriaren 10etik 13ra, Zarautzen.
Euskal Herriko neska-mutilez gain, Irlandatik, Italiatik, Frantziatik eta Espainiako hainbat erkidegotatik etorritako gazteak lehiatuko dira. Ikusleen artean zeuden gaur goiz partean Aritz Aranburu antolatzailea eta Nadia Erostarbe surflari olinpikoa.
Surf ikuskizunaz gain, musika eta parrillada egongo dira, baita hainbat jarduera paralelo ere, hala nola, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko babesa lantzeko tailerra, gaur 17:00etan, eta skate txapelketa, bihar arratsaldean.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Shelter)