Bilboko hilketa salatu dute, eta hilaren 24an Gaztelekuan elkartzera deitu

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 14a, 13:15

Gaur Lege Zaharren enparantzan egindako elkarretaratzea. (Onintza Lete Arrieta)

Hainbat herritarrek parte hartu du gaur eguerdian azken hilketa matxista salatzeko Zarauzko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzean. "Gertatzen ari den guztiari elkarrekin erantzun bat emateko elkargune bat sortzeko", batzar feminista egingo dute irailaren 24an Gaztelekuan. 

Herritar dezente elkartu da gaur 12:00etan Lege Zaharren enparantzan, asteazkeneko Bilboko erailketa matxista salatzeko Zarauzko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzearekin bat eginez.

Elkarretaratzearen amaieran, idatzia irakurri du mugimendu feministako kide batek. "Asteazkenean hil zuen Bilbon senarrak 31 urteko Yanely Gonzales. Bilgune Feministak esan bezala, Yaneli, haren erasotzailearen biktima ez ezik, sistema kolonial, patriarkal eta arrazista oso baten biktima ere bada. Izan ere, biktima matxistak hildako emakumeetatik, ia erdiak dira migratzaileak", esanez hasi du irakurketa.

Aurtengo beste erailketa kasu batzuk aipatu dituzte, eta baita azpimarratu ere erailketak icebergaren punta besterik ez direla, eta horren hainbat adibide eman.

Feministek biktimei sinisten dietela esanez eta autodefentsa feminista aldarrikatuz amaitu dute hitzartzea, eta hilaren 24rako deialdia egin dute gero: Gaztelekuan batzar feminista egingo dute, 18:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte han parte hartzera, "gertatzen ari den guztiari elkarrekin erantzun bat emateko eta elkargune bat sortzeko".

Hainbat emakume pankartari eusten. (Onintza Lete Arrieta)

Gaurko elkarretaratzea. (O.L.A.)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide