Bilboko hilketa matxista gaitzetsi dute zenbait herritarrek, Itaiak deitutako elkarretaratzean

Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 11:00

Bilboko hilketa matxista salatzeko Itaiak deitutako elkarretaratzea, atzo. (Itaia)

Hilaren 11n emakume bat hil zuten Bilbon, eta hiltzailea haren bikotekidea delakoan,  atxilotu egin zuten. Gertatutakoa salatzeko, hainbat herritar izan ziren atzo arratsaldean Itaiak deitutako elkarretaratzearekin bat egin eta Lege Zaharren Enparantzan bildu zirenak.

Joan den asteazkenean –hilak 11– emakume bat hil zuten Bilboko Santutxu auzoan, eta haren bikotekidea atxilotu zuten, hiltzailea delakoan. Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu zuen Itaiak atzo arratsalderako, eta herritar ugari izan ziren deialdiarekin bat egin eta hilketa matxista irmoki gaitzetsi zutenak. Lege Zaharren Enparantzan bildu ziren, 19:00 aldera.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, bikotea bizi zen etxebizitzan gertatu zen hilketa. Bizilagunek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten etxebizitzan oihuak entzun zituztelako, eta zerbitzutako langileek emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu zuten. Lekuan bertan hil zen, zaurien ondorioz.

"Doakiela elkartasun eta babes osoa senide, lagun eta ingurukoei", zioen Itaiak atzoko irakurketan. "Argi eta garbi geratu da, beste behin, ideologia matxista eta indarkeria bera erabat normalizatuta daudela gizarte honetan. Emakume langileon aurkako erasoek ez dute etenik, eta horren adierazpen gordinena da erailketa matxista".

"Erasotzailearen inpunintearekin amaitu" behar dela ere azpimarratu zuen Itaiak, "gutxiespen, irain zein babosoetatik hasi eta eraso larriagoei, bortxaketei eta indarkeria bortitzari biderik ez utziz". Zera gehitu zuen: "Faxismoaren gorakada ere nabarmena ari da izaten, eta, horrek, besteak beste, emakume langileonganako indarkeria handitzea dakar".

Bilboko hilketa salatzeko elkarretaratzea, atzo, Lege Zaharren Enparantzan. (Utzitakoa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide