Udako Master torneoko finalerdietako bat jokatuko dute gaur herrian

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 15a, 09:00

Udako Master Laboral Kutxa pilota torneoa. (Ataria)

Larrarte-Mendizabal eta Arrizabalaga-Bergara bikoteak ariko dira nor baino nor arratsaldean, Aritzbatalde pilotalekuan. Irabazleek irailaren 22an Donostian izango den finaleko txartela lortuko dute.

Udako Master Laboral Kutxa pilota torneoa azken txanpan sartu da, eta gaur arratsaldean finalerdietako partidak jokatuko dituzte Zarautzen eta Galdakaon. Larrarte-Mendizabalek eta Arrizabalaga-Bergarak neurtuko dituzte indarrak, ligaxkan bigarren eta hirugarren postuan amaitu zuten bikoteak, Aritzbatalde pilotalekuan; norgehiagoka 19.00etatik aurrera izango da.

Aipatu bi bikoteek bina partida irabazi zituzten, eta ligaxkako elkarren arteko aldea tanto bakarrekoa izan da. Bigarren eta hirugarren sailkatuak elkarren kontra ariko direnez, partida oso parekatua bezain estua aurreikusten dute.

Galdakon ere ordu berean izango da partida, eta lehen faseko lehen eta laugarren sailkatuek jokatuko dute finalerako txartela lortzeko. Etxegarai-Gamindek osatu dute orain arteko bikoterik indartsuena, jokatutako lau partidak irabazita; Ibarrola-Capellanek, ordea, azken orduan lortu zuten finalerdietarako sailkatzea. Edonola ere, guztia partida bakarrera jokatuta edozer gerta daiteke.

Norgehiagoka bakoitzeko irabazleek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak astebete barru, irailaren 22a, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide