Aretxabaletako jaietan zein Irurakoetan; Donostiako Aste Nagusian zein Zelatuneko ostatu txikiaren alboan. Erromeriak beti izan dira Euskal Herrian festa eta ospakizunetako ezinbesteko pieza. Modu tradizionalagoan lehenengo, eta askotariko musika estiloen bertsioak eginez azken urteetan. Aspalditik datoz mota horretako taldeak, eta, urte batzuetan beherakada izan zuten arren, puri-purian daude orain. Batzuk eszenatokitik erretiratu orduko sortzen dira erromeria talde berriak. Horietako bat da Legazpiko sei gaztek berriki sortutako Emaion taldea. Bide Batez taldeak, aldiz, badauka eskarmentua plazan: hamasei urte daramatza jairik jai. Gipuzkoan entzutetsua izan zen 3gabe2 erromeria taldea ere; 2015ean hartu zuen erretiroa, 175 kontzertu pasa eman ondoren.
Eneko Etxabek (Zarautz, 1978) 8 urte zituela jo zituen lehen aldiz notak eskusoinu batekin. Bide Batez erromeria taldeko trikiti jolea da. Duela hamasei urte sortu zuen taldea, baina dezente lehenago hasi zuen ibilbidea erromerien munduan. «16 urte ingururekin hasi nintzen anaiarekin, Etxabe anaiak izenpean. Hamabi urte egin genituen, eta gero Aitor Landa baxu jotzailea batu zitzaigun. Hasierako asmoa zen afizioa ofizio bilakatzea, baina azkenean nekatu egin ginen, eta urtebeteko deskantsua hartu genuen». Horren ondoren sortu zuten Bide Batez taldea. Hasieran, laukote gisa: baxua, bateria, abeslaria eta trikitia. Urte batzuk geroago gitarra sartu zuten.
3gabe2 Donostiako taldea, berriz, modu inprobisatuago batean hasi zen. «Aisialdiko begirale gisa ibiltzen ginen bost lagun, eta urte batean begiraleen topaketa batzuetan jotzeko elkartu ginen. Han hasi zen guztia, eta gero, pixkanaka, jai batzuetan eta besteetan kontzertu txikiak ematen hasi ginen», esan du Andoni Mujika (Donostia, 1984) taldeko kideak. Azkenerako, Donostiako erromeria talde entzutetsuenetako bat bilakatu zen 3gabe2. «Ez genuen dirua egiteko egitasmo gisa sortu. Gure filosofia zen taldetik dirurik ez jasotzea; bestela, nahi ez genituen kontzertuak onartzeko arriskua zegoen». Bost kideko talde gisa hasi ziren, baina zortzi izan ziren gero. «Hasieran oso lotsagabeak ginen; publikoaren aurrera ateratzen ginen kalitate eskasarekin, baina oso jarrera onarekin. Azkenean, orduak eman genituen, eta hobetuz joan ginen. Urtero 30 kontzertu baino gehiago ematen genituen».