Zarauzko EAJren udal taldeak barne berrantolaketa eginda ekingo dio ikasturteari

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 14a, 10:00

EAJren udal talde osoa, ostegunean, udalbatzar aretoan. Eserita, ezkerretik eskuinera, Leire Arana, Xabier Txurruka, GarbiƱe Oiarbide eta Jesus Arana. (Onintza Lete Arrieta)

Garbiñe Oiarbidek lekukoa hartuko dio Jesus Aranari udal taldearen bozeramailetzan, eta Leire Aranak ardura guztiak utzi ditu, eta beraz, baita liberazioa ere, Eusko Jaurlaritzan hasiko delako lanean. Haren ardurak banatu egin dituzte, eta horietako batzuk Xabier Txurrukak berak hartuko ditu.

EAJren udal talde osoa elkartu zen ostegun arratsaldean udaletxeko udalbatzar aretoan, ikasturte berriaren hasieran barne antolaketa mailan egin dituzten aldaketen berri emateko.

Xabier Txurruka alkateak azaldu zuenez, aldaketa nagusia Leire Arana zinegotziak eragin du, orain arte zituen ardura guztiak utzi baititu, baita liberazioa ere, Eusko Jaurlaritzan lanean hasteko –Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren komunikazio arloan–. Zinegotzi kargua mantendu egingo du, baina haren ardurak taldekideen artean banatu behar izan dituzte.

Turismo, Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Jaiak eta Ekitaldiak departamentuetako ordezkaria izan da Arana, eta Partaidetza eta Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) ere zuzendu ditu. Hemendik aurrera, hiru alderdikidek hartuko dituzte ardura horiek: alkateak beregain hartuko ditu Turismo, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Jaiak eta Ekitaldiak arloen ardurak; Garbiñe Oiarbide izango da Partaidetzako zinegotzi berria –Hirigintza eta Etxebizitza departamentuaren arduraduna ere bada– ; eta, azkenik, Jesus Aranak izango ditu Herritarren Arreta Zerbitzuko (HAZ) ardurak, aurreko agintaldian bezala.

Horrez gain, EAJren udal taldeak bozeramaile berria ere izango du, Garbiñe Oiarbidek lekukoa hartuko baitio Jesus Aranari; 2015. urtetik eduki du ardura hori zinegotzi azpeitiarrak.

Txurrukak jakinarazi zuen ardura horien esku aldaketak datozen asteetan egingo dituztela, eta iraileko udalbatzarrean beste modu batera antolatuta egongo direla jada.

Arana aita-alabei eskerrak

Alkateak eskerrak eman zizkien Arana aita-alabei, eta azpimarratu zuen ardura horiek "ongi eta zuzen bete" dituela Leire Aranak, eta eskertzen diola "egindako lan guztia". Gauza bera esan zuen Jesus Aranaz: "Hainbeste urtetan zuzen eta gogotsu eraman du bozeramailetza Jesusek", nabarmendu zuen.

Garbiñe Oiarbidek ere eskerrak eman nahi izan zizkion EAJri, "alderdiak nigan jarri duen konfiantzagatik" eta esan zuen saiatuko dela ardura berriei "egoki erantzuten" eta beragan jarritako konfiantza horri "hutsik ez egiten". Bestalde, argi du taldea dela garrantzitsua: "Aurpegiak aldatu diren arren talde bat gara, eta bide beretik jarraituko dugu lanean". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide