Mikel Beristain: "Mailari eustea da helburua, baina zaila izango da aurten"

Julene Sorarrain 2024ko ira. 13a, 12:00

Mikel Beristain Amenabar eskubaloi taldeko kapitaina. (Luis Epelde)

Zilarrezko Mailara itzulita, bihar ekingo diote Amenabar taldeko jokalariek denboraldi berriari. Mikel Beristain kapitaina hemendik aurrerako kontuez aritu da solasean.

Amenabar eskubaloi taldearen jarraitzaile orok ezagutuko du Mikel Beristain (Zarautz, 1989), izan ere, jokalariak hamaikagarren urtea du aurtengoa Zarauzko taldean. Kadete mailan hasi zen jokatzen, 15 urte zituenean, eta duela 3 urtetik hona, Amenabarreko kapitaina da. Abuztuan itzuli ziren jokalariak Aritzbataldeko kantxara, eta geroztik lagunartekoak jokatzen aritu dira. Bihar, ordea, ligari ekingo diote, eta taldeak denboraldiko lehen bidaia luzea egingo du, Antequeraren aurka (Malaga, Espainia) neurtzeko. Partidaren atarian, denboraldi hasieraren balorazioa egin du Beristainek.

Nolako giroa sumatzen da taldean denboraldi berriari begira?

Betikoa, egia esan. Giro ona dugu gure artean, pare bat urte goaz guztiok batera jokatzen, eta jokalariak nahiko gazteak diren arren, zailduta daude.

Kapitain bezala, nola ikusten duzu taldea? Aurreko denboraldian baino motibatuago zaudete, orain Zilarrezko Mailara itzuli zaretenez?

Bai, noski. Aurreko urtean nabaritu egin genuen gure artean maila jaitsi egin zela, eta orain igo egin nahi dugu, gure arteko dinamika, eta oro har, errendimendua landuz. Aurtengo denboraldia gogorragoa izango da, hori argi dago.

Gustuko duzu kapitainaren rola?

Azken finean, beteranotasunagatik 'tokatu’ zait. Beste jokalariak oso gazteak dira, baina nahiko zailduta daude, hala ere. Urtean zehar kuadrillakoak gutxi ikusten ditut, denbora gehiago pasatzen dut taldekideekin; beraz, ez dut adin arteko diferentzia hori asko nabaritzen.

Nolako aldaketak izan dituzue taldean, entrenamenduetan esaterako, aurreko denboraldiarekin alderatuz?

Nahiz eta maila jaitsi, dinamikak berdina izaten jarraitzen du. Aurreko denboraldian goiko mailan izango bagina bezala entrenatzen genuen, astean lau entrenamendu eginez. Orain, denboraldi berrian murgilduta, berdin-berdin jarraitu nahi dugu. Hori bai, aurten, denboraldiaurrean fisikoki apur bat gehiago egin dugu lan. Baina, bestela, ez dugu aldaketa handirik izan.

Zein da aurtengo helburu nagusia zuentzat?

Helburua mailari eustea da. Goiko mailan egon garen urte guztietan ere berdina esaten genuen, helburua beti salbatzea dela. Jakin badakigu zaila dela, talde asko daudelako. Batzuk erdi profesionalak dira, gainera, kirol honetaz bizi den jendea, hain zuzen ere. Gu denok, aldiz, amateur batzuk gara. Baina denboraldi honetan mailaz ez jaisten saiatuko gara, zalantzarik gabe.

Nortzuk dira zuen aurkari zuzenak?

Denboraldi honetan, agian, Alcobendas taldekoak direla esango nuke. Aurten oso zaila izango da mailari eustea, oso aurkari gogorrak izango ditugulako. Baina nik uste dut Alcobendasekin borrokan ibiliko garela. Hala ere, nahiko pareko ikusten dut egoera.

Taldean bajarik izan duzue? Jokalari berriren bat zuen artean?

Aurten bi jokalari berri ditugu: batetik, Peru Iraeta usurbildarra, Zumaian jokatu izan duen gaztea eta, bestetik, Beñat Manterola itzuli da. Orain arte gurekin jokatu izan du, eta iaz Burgosek fitxatu zuen, gure kategoria berean. Aurten, ordea, etxera itzuli da, eta gurekin izango da berriz.

Nola indartu zarete aurreko denboralditik?

Guk beti defentsa gogor batekin egin dugu lan. Ez ditugu beste taldeek dituzten bezain mutil indartsuak, 1,90 neurtzen duten gizonak. Beraz, gure indargunea atzean ondo defendatzea da, eta kontraerasoan gol azkarrak sartzea.

Lagunarteko partidak nola joan dira, eta nolako animoekin zaudete ligari ekiteko?

Oso ondo joan dira. Jokatu ditugun gehienak inguruko taldeen aurka izan dira. Bidasoaren aurka aritu ginen etxean, adibidez, eta aho-zapore onarekin atera ginen; asko borrokatu genuen. Beraiek kategoria bat gorago daude, gainera. Beraz, sentsazio onarekin hasi dugu ekin diogu.

 

Emozioz beteriko ibilbide luzea

Amenabar Zarautz eskubaloi taldea berriro Zilarrezko Mailan ariko da denboraldi honetan. Hala ere, ez da bide laua izan jokalarientzat, eta azken momentura arte borrokatu zuten Aritzbataldeko kiroldegian, urtebete lehenago galdutako mailara itzultzeko. Neurketa amaitzeko zazpi segundoren faltan lortu zuen partidako garaipenaren gola; Aitor Zulaikak sartu zuen azken hori, penaltiz. Jokalariek, harmailarekin elkartuta, sekulako ospakizuna bizi izan zuten.

Emozioz beteriko festa izan zuten jarraian: izan ere, herri osoaren berotasuna jaso zuen taldeak udaletxeko plazan egin zieten harrerarekin. Herritarrek pasilloa egin zieten taldekideei, eta Santa Marina kalera joan ziren Zarauzko Musika Bandak girotutako kalejiran, festa bertan jarraitzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide