Egungo turismoa izango dute ardatz bihar Photomuseumen

Intza Trula 2024ko ira. 12a, 16:30

Aimar Uribesalgo 'Peregrino modernoen oporrak' filmaren zuzendaria.

Peregrino modernoen oporrak dokumentala emango dute bihar arratsaldean Phothomuseumen, 18:00etan. Sarrera doakoa izango da.

Egungo turismoaren egoera aztertuko dute bihar Photomuseum argazki eta zinema museoak sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako kultur hedapenerako Gela programaren barruan. Aimar Uribesalgok zuzendutako Peregrino modernoen oporrak dokumentala ikusi ahal izango da Photomuseumen, 18:00etan hasita, doan.

Dokumentalak mundu mailako turismoaren gaia jorratzen du. Bertan, ikuspegi historiko, ekonomiko, sozial eta ideologikoak lantzen dira, eta turismoaren inguruan entzuten diren fenomeno arruntenak alde batera utzita, autoreak modu sakonago batean heltzen dio gaiari. Dokumentala Indotxinan zentratuta dago –Vietnam, Laos, Kanbodia–, eta zazpi ataletan banatzen da.

Istorioan, inor gutxi libratzen da kritiketatik, eta jai dute turismoa gorrotatu eta bidaiari sentitzen diren horiek, baita turismo jasangarrian sinesten duten ekologistek ere. Peregrino modernoen oporrak Nazioarteko Zinemaldian saritua izan zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide