Surflariek eta surfzaleek hitzordua dute datozen hiru egunetan Zarauzko hondartzan, Borghetto inguruan: zortzigarrenez, Shelter 4Teens surf txapelketa antolatu du Shelter Surf zentroak, gazteek lehen urratsak egiteko aukera izan dezaten. Bihar hasi eta igandera bitartean jokatuko dute sariketa, eta lehia kutsua badu ere, surfaren eta lehiaketaren balioak gazteei helaraztea du helburu ekimenak, ingurunearen, itsasoaren eta itsasertzaren zaintza bultzatzearekin eta gizarte-inklusioa eta bizimodu osasungarria sustatzearekin batera.
Itsasoaren egoera zela medio, joan den urtean birritan atzeratu behar izan zuten txapelketa. Aurten, aurrera doan arren, hainbat bilera egin behar izan ditu antolakuntzak, olatuen egoerak datozen hiru egunak baldintza baititzake. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek esan dute programan aldaketarik balego sare sozialen bidez jakinaraziko luketeela.
Hori hala, hainbat kategoriatan banatu dute txapelketa. 14 urtez azpikoen kategoria da bat, eta horietan nesken eta mutilen taldeak bereiziko dira. Nesken taldean hamalau surflarik eman dute izena, eta, mutilenean, berriz, 49 parte hartzaile izango dira.
10 urtez azpikoen kategoria da beste bat, eta bertan ez dira nesken eta mutilen taldeak bereiziko, guztiak batera ariko baitira uretan. TAG Team izeneko formatua du lehia honek: hau da, kategoria honetan parte hartzen duten surflariek ez dute banaka lehiatuko, taldean baizik. Izan ere, Oihana Iribar Shelterreko zuzendariaren esanetan, "surfarekin lehen kontaktua izan dezaten" da xedea. Kategoria honetan 40 lagunek eman dute izena, eta horietatik gehienak zarauztarrak dira.
Azkenik, surf egokituko kategoria egongo da, eta hor ere neskek eta mutilek batera jokatuko dute. Hamabost surflarik eman dute izena bertan –Shelterreko Kind Surf programako atletak guztiak–, eta txapelketa iganderako dago aurreikusita. Besteak beste, Irundik, Lazkaotik, Getariatik, Mutrikutik, Urnietatik eta Donostiatik etorritako dira surflariak.
Kind Surf Challenge
Shelter 4Teens surf txapelketa ez ezik, Kind Surf Challenge ere antolatu dute bihar arratsalderako. Izenak dioen bezala, erronka moduan dago planteatuta. Erronka horretan Euskal Herriko eta kanpoko enpresek parte hartzen dute, eta taldeak honela osatzen dituzte: enpresa bakoitzeko lau kide, Kind Surf programako atleta bat eta surflari profesional bat. Surfista profesionalak Aritz Aranbururekin Olinpiar Jokoetan egondakoak izango dira; hala nola Eneko eta Kepa Acero, Andy Criere, Gony Zubizarreta eta Adur Amatriain. Erreleboka jokatuko dute lehia, taldekide bakoitzak bi olatu hartuz eta ondorengoari erreleboa emanaz. Hamar talde inguruk eman dute izena txapelketan, eta helburua izango da Kind Surf programarako finantzaketa lortzea.
Zuzendariaren esanetan, zortzi edizioren ostean "izen oneko" surf txapelketa bilakatu da Shelter 4Teens, bai Euskal Herrian baita kanpoan ere. 14 urtez azpikoen kategorian, besteak beste, Kanarietako, Italiako, Irlandako eta Frantziako surflariek lehiatuko dute.
Datozen hiru egunetan bildutako dirua Kind Surf programara bideratuko dute. "Edonork du eskubidea surfaz eta kirol horrek dakartzan onurez gozatzeko", egin du azpimarra Iribarrek. "Surfa terapia da, eta onura asko ditu edonorentzat, baina, bereziki, aniztasun funtzionala dutenentzat. Haur horiek baliabide asko behar dituzte uretara sartzeko, eta guk horretan lagundu nahi diegu. Beraien kostuak ahalik eta txikienak izatea nahi dugu, eta gainerakoen moduan surfaz disfruta dezatela", dio zuzendariak.
Kind Surf programa, zazpigarren urtez
Kind Surf programa Shelter Surfen proiektu nagusietako bat da. Joan den maiatzean abiarazi zuten ekimenaren zazpigarren edizioa, aniztasun funtzionala duten 24 surflari gazterekin. Horrela, astero-astero Shelter Surfeko monitoreek lagunduta Zarauzko hondartzan aritzen dira surfean, besteak beste, autonomia landuz.
Entrenamendu saioek onura asko dituzte –psikologikoak nahiz fisikoak– programan parte hartzen duten kirolarientzat: hala nola, surfaren bitartez, besoetako eta gorputzeko giharrak indartzen dituzte. Emozionalki ere berebiziko garrantzia dute saioek, Aritz Aranburuk Shelter 4Teens surf txapelketaren aurkezpenean esan zuen moduan, "olatuen gainean denok maila berean eta aske garelako".
Antolatzaileen esanetan, programa hau martxan jarri zutenetik "irribarreak eta emozioak sortu" dituzte, "baita olatuen gainean dantza egin ere".
Egitaraua
Bihar, ostirala
- 15:30. Taldeen checking-a.
- 16:00-20:00. Taldekako Kind Surf Challenge txapelketa.
- 20:00-20:30. Taldekako Kind Surf Challenge txapelketako sari banaketa.
- 20:30-21:00. Kontzertua Kind Surf atletak.
- 21:00-23:00. Barbakoa eta kontzertua Arketypo taldearen eskutik.
Etzi, larunbata
- 08:00-19:00. 14 eta 10 urtez azpikoen txapelketa.
- 17:00-18:30. Haurrentzako jasangarritasunaren eta ingurumenaren inguruko tailerra.
- 19:00-23:00. Barbakoa eta kontzertua Hilbilly Jokers taldearen eskutik.
Hilak 15, igandea
- 08:00-17:00. Surf txapelketa.
- 12:00-14:00. Surf egokituko txapelketa.
- 17:00-18:00. Skate txapelketa.
- 18:00. Sari banaketa eta parte hartzaile guztien argazkia.