Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio arloko profesionalek erretzeari uzteko doako terapia saioak antolatu dituzte. Elkarteak Urola Kostan dituen bi egoitzetan eskainiko ditu saioak, Azpeitian (Baigera I-eko azken solairuan) eta Zarautzen (Balea kalean), hain zuzen. Horietan parte hartzeko izen-ematea irailaren 16an itxiko da.
Tabakismoan aditua den psikologo batek gidatuko ditu terapia saioak. Guztira, zortzi asteko terapia izango da, eta sustatzaileek azaldu dutenez, esku-hartzeak %60ko arrakasta tasa du. Elkarteak taldekako nahiz online bidezko terapiak eskaintzen ditu, pazienteen beharrei erantzuteko asmoz.
Pertsona bakoitzaren egoera eta arreta gaitasuna desberdinak direla kontuan hartuta, elkarteak paziente bakoitzari "arreta zuzena eta pertsonalizatua" eskantzen dio. Hori dela eta, "arreta ahalik eta gehien pertsonalizatzeko", terapia saioei ekin aurretik elkarrizketa bat egiten dute egitasmoan interesa duten pertsonekin, haiekin batera baloratzeko erretzeari uzteko modurik onena zein den. Orduan zehazten dituzte terapia modalitateak eta saioen ordutegiak.
Izen-ematea
Erretzeari uzteko terapia saioetan parte hartzeko lekuak mugatuta daude. Hori dela eta, aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Interesa dutenek 943-45 77 22 telefono zenbakira deitu edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu elektroniko bat bidal dezakete.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea irabazi asmorik gabea da, eta, horrenbestez, doako zerbitzuak eskaintzen ditu; besteak beste, arreta psikologikoa, arreta eta orientazio soziala, logopedia zerbitzua, talde tailerrak, boluntariotza eta laguntza, aholkularitza medikoa, aholkuraritza juridikoa eta tabakoa uzteko terapia.