Salbideko festak ospatuko dituzte hurrengo asteburuan

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 11a, 09:00

Salbideko iazko festak. (Salbideko festa batzordea)

Ostiral arratsaldean botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa, eta igandera bitartean kontzertuak, umeentzako jolasak nahiz otorduak egingo dituzte auzoan. Bazkaltzeko txartelak ostiral honetan jarriko dituzte salgai 18:00etan, eta bakoitzak bost erosi ahalko ditu gehienez. 

Euskal Jaiak igarota, Salbideko festak ospatuko dituzte hurrengo asteburuan, irailaren 20tik hasi eta 22ra arte, hain zuzen ere. Ostiral arratsaldean botako dute jaiei hasiera emango dien txupinazoa, eta igandera bitartean kontzertuak, umeentzako jolasak nahiz otorduak egingo dituzte auzoan.

Itturrik botako du suziria ostiralean, eta jarraian kalejira girotua egingo dute erraldoi, pailazo eta buruhandiekin. Arratsaldean, haur jolasak egongo dira parkeko zelaian, eta 19:30ean Hamarru elektrotxarangak auzoa girotuko du. Afaltzeko, 20:30ean, parrillada egingo dute txosnagunean, eta eremu berean izango dira iluntzeko kontzertuak, 22:30ean. 

Larunbatean, 9:00etan jarraituko dute festek, goizeko dianarekin, eta 10:00etan, berriz, txirrindulari txikien itzulia egingo dute auzoko parketik hasita. Amaitzean, txokolatada egingo dute. Hori eta gero aurpegia margotzeko txokoa eta Apaxi ipuin kontalaria ere izango dute gozagarri etxeko txikienek. 14:30 aldera hasiko da auzo bazkaria, eta eremu hori girotuko du Andoni Ollokiegi abeslariak. Bazkal ondoren poteo girotua izango dute auzotarrek, eta iluntzean, aldiz, erromeria eskainiko du Laket taldeak. Bazkaltzeko txartelak ostiral honetan jarriko dituzte salgai 18:00etan, eta bakoitzak bost erosi ahalko ditu gehienez. 

Igandean, amaitzeko, hamaiketakoa eskainiko dute auzo elkartean 10:00etan hasita, eta 11:30 aldera, berriz, moto eta patinete txiki lasterketa izango da auzoan. Jarraian, marrazkiak egiteko txokoa jarriko dute, eta horiek erakusketa moduan jarriko dituzte amaitzean. 12:30ean, Zarautz Trik erraldoiek auzoa girotuko dute eta 13:00etan toka txapelketa egingo dute. Amaiera moduan, parrillada egingo dute eguardian. 

Hona hemen egitaraua osorik:

Irailak 13, ostirala

18:00. Auzo bazkarirako txartel salmenta. Txartelak amaitu arte egongo dira, eta bakoitzak gehienez 5 erosi ahalko ditu. Auzoko kamisetak, zapiak eta boletoak ere salgai egongo dira.

Irailak 20, ostirala

18:00. Txupinazoa jaiei hasiera emateko Itturriren eskutik.

Jarraian, kalejira girotua erraldoi, pailazo eta buruhandiekin batera.

Arratsaldean, haur jolasak parkeko zelaietan.

19:30. Hamarru elektrotxaranga txosnatik hasita.

20:30. Parrillada txosna alboan.

22:30. Kontzertuak: Pertz, Sarean eta Dj Klikillo.

Irailak 21, larunbata

09:00. Goizeko diana, pijama eta guzti.

Goizean zehar, haur jolasak parkeko zelaietan.

10:00. Txirrindulari txiki itzulia Salbideko parketik hasita. Amaitzean, txokolatada. 

Jarraian, aurpegi margoketa txokoa. 

12:00. Apaxi ipuin kontalaria Bizi-Lore parkean. 

14:30. Auzo bazkaria. 13:00etan lekua hartzera gerturatu beharko da.

Jarraian, Andoni Ollokiegiren kontzertua txosnan.

Bukatzean, poteo girotua auzoan zehar.

18:00etan, Haize orratz gaztelekuko ekintza nerabeentzat.

22:30. Erromeria Laket taldearen eskutik.

Irailak 22, igandea

10:00. Hamaiketakoa auzo elkartean.

11:30. Moto eta patinete txiki lasterketa. 3-4 urtekoentzat moto txiki lasterketa. 5-6 urtekoentzat patinete lasterketa.

Jarraian, marrazkiak egiteko txokoa eta erakusketa.

12:30. Zarautz Trik erraldoiekin auzoa girotzen.

13:00. Toka txapelketa.

Jarraian, parrillada. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide