Bihar ospatuko dute zarauztarrek Euskal Jai Eguna, baina egun horren bezperan ere izan dira ospakizunak herrian. Lege Zaharren Enparantzan zuten jarria 12:00etan hitzordua aurten festa horrek beteko duen mendeurrenaren bueltan brindisa egiteko.
Leku horretan izan dira Zarauzko Udaleko ordezkari publikoak, baita ekintza horretan parte hartu duten txakolindegi eta sagardotegiak ere: Basa Lore, Mokoroa, Rezabal, Talai Berri eta Arizia. Dastaketarekin hasi aurretik, baina, udalak omenaldi txiki bat egiteko tartea hartu du. Zehazki, Juan Miguel Kaperotxipiri eta Karmele Ruiz de Azuari, Maurizio Flores Kaperotxipi Euskal Jaien sortzaile nagusiaren familiakideei, mendeurreneko zapia jarri diete Xabier Txurruka alkateak eta Leire Arana Jai eta Ekitaldi zinegotziak. Jarraian, "urte luzez festa zaindu eta mantendu duten herritarrei eskerrak emanez", topa egin dute ordezkari politikoek. Bukatzeko, herritarrek txakolina, sagardoa nahiz hegaluzea dastatzeko aukera izan dute.