Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Mattin Etxebeste oiartzuarrak irabazi du XXXVI. Aurresku Txapelketa

Mireia Galarza Bastida 2024ko ira. 7a, 16:00

Bigarren sailkatu da Mikel Esnaola lezoarra, eta hirugarrena izan da Intza Erauskin, Lezokoa bera ere.

Eguraldia lagun, Lege Zaharren Enparantzan jokatu dute gaur eguardian Aurresku Txapelketa, eta iaz bezala, aurten ere Mattin Etxebeste oiartzuarrak irabazi du txapelketa. Bigarren sailkatu da Mikel Esnaola lezoarra, eta hirugarren izan da Intza Erauskin, Lezokoa bera ere. Lehen sailkatuak 150 euro, garaikurra eta txapela irabazi ditu. Bere aldetik, bigarren eta hirugarren sailkatuek 130 euro eta garaikurra eta 110 euro lortu dituzte hurrenez hurren.

Guztira zazpi parte hartzaile izan dira txapelketan, eta horietatik lehen hirurak bakarrik izendatu dituzte epaimahaikideek. Zarauzko Udaleko hainbat kide arduratu dira sariak banatzean; hain zuzen ere, Xabier Txurruka alkatea eta Jesus Arana eta Itziar Murua zinegotziak. Dena dela, lehen hiru postutan sailkatu ez diren dantzariek ere jaso dute beraien saria, bakoitzak 80 euro. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide