Giorgos Lanthimos zinemagilearen ibilbidea aztertuko dute gaur Photomuseumen

Intza Trula 2024ko ira. 6a, 11:00

Giorgos Lanthimos.

18:00etan hasiko da saioa, eta joan nahi dutenek doakoa izango dute sarrera.

Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako kultur hedapenerako Gela programaren barruan Giorgos Lanthimos zinemagile greziarraren ibilbidea aztertuko dute gaur Photomuseumen.

Lanthimos, zinema eta antzerki zuzendari, gidoilari eta ekoizlea, zinema garaikidean duen ikuspegi bereizgarriagatik da ezaguna. 1973an jaio zen Atenasen (Grezia), eta zinema eta telebista zuzendaritza ikasi zuen Atenasko Zinema Eskolan.

1995az geroztik film luzeak, antzezlanak, bideo-dantza eta telebistako iragarki ugari zuzendu ditu Lanthimosek, eta 2004ko Atenasko Joko Olinpikoen hasiera eta itxiera diseinatu zuituen sormen taldeko kide ere izan zen. 2018an, berriz, Britainia Handiko film onenaren BAFTA saria irabazi zuen The Favourite filmarengatik, eta 2023an, komedia edo musikal onenaren Urrezko Globoa, Poor Things filmarekin. Hainbat aldiz izendatu dute Oscar sarietarako, eta nazioartean ezaguna egin zen Dogtooth (2009) lanarekin. Filma Cannesko Zinemaldian eta 2009ko Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldian saritua izan zen.

Gaur, 18:00etan hasiko da saioa, Photomuseumen, eta sarrera doakoa izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide