Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Ingurumenaren aldeko kanpaina abiatu du udalak Euskal Jai Egunari begira

Intza Trula 2024ko ira. 5a, 13:00

Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia kanpainako kartel baten ondoan. (Zarauzko Udala)

"Herriko gazteen kontzientzian eragitea" da Garbi ospatu, eta itsasoa babestu kanpainaren helburua, "gazteek, festetan ere, zaborra dagokion lekura bota dezaten". Kanpainaz gainera, gaiari lotutako lehiaketa ere antolatu du aurten udalak.

Euskal Jai Eguna ate joka dute Zarautzen, eta festa egun horretan pilatzen den zaborra tarteko, ingurumenaren aldeko kanpaina berria aurkeztu du Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak: Garbi ospatu, eta itsasoa babestu, hain zuzen ere. "Herriko gazteen kontzientzian" eragiteko xedearekin abiatu dute kanpaina, "festetan ere, zaborra dagokion lekura bota dezaten".

"Lelo honekin eta kanpaina berri honekin kontzientziatu nahi dugu kalean botatako zabor guztiaren zati handi batek hondartzan eta itsasoan amaitzen duela”, egin du azpimarra Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotziak. Halaber, ozeanoetan 150 milioi tona plastiko baino gehiago pilatu dela esan du, eta kopuruak "gora" egiten jarraitzen duela. Horrez gainera, gaiarekiko duen kezkaz mintzatu da ingurumen zinegotzia: "Ozeanoetako plastikozko irlen argazkiak ikustean arazoaren larritasunaz ohartzen gara. Itsasoko bizitza suntsitzen ari gara eta dagoeneko plastikozko arrastoak aurkitu ditugu gure organismoan”.

Hori hala, "festak gogoz" ospatzeko dei egin die Vazquezek herritar guztiei, "hondartza eta itsasoa zainduz". "Posible da, eta denontzat onuragarria da”, egin du azpimarra ingurumen zinegotziak.

Kanpainaren nondik norakoak

Irailaren 2an, kanpainaren leloa daramaten bost kartel jarri zituen udalak herriko hainbat puntutan, eta horrez gainera, gaiarekin kontzientziatuta dauden zenbait gazte protagonista dituzten bideoak eta iragarkiak ikus daitezke Guka.eus webgunean, Guka Telebistan, Eraztun Berde Urdinaren sare sozialetan.

Halaber, larunbatean –hilak7– eta igandean –hilak 8– hainbat begiralek zaborren kudeaketaren arazoaren berri emango diete gazteei, eta Euskal Jai Egunean karpa bat jarriko dute malekoian, gazteekin interakzioan jarraitzeko eta kanpainan aktiboki parte hartzera animatzeko.

Lehiaketa

Kanpaina ez ezik, ingurumenaren bueltako lehiaketa ere antolatu du aurten Zarauzko Udalak, gazteak informatzeko, kontzientziatzeko eta partaide egiteko asmoarekin. Parte hartzeko, herritarrek argazki bat elkarbanatu beharko dute Instagram sare sozialean, hondakinak edukiontzietan utziz, #NikGarbiOspatukoDut traola erabiliz eta @eraztunberdeurdina aipatuz.

Irabazleak 200 euroko bonu bat jasoko du, herriko negozio batean gastatzeko. Zozketa Euskal Jai Egunean egingo dute, malekoiko karpan, 19:30ean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide