Haur eta gaztetxoei zuzendutako teknologiaren inguruko zenbait tailer eta ikastaro eskaini ditu UKUEk uda sasoian zehar Open lab espazioan. Opor garaiari bukaera emanaz, azken bi tailerrak ari dira egiten egunotan, eta bertan 24 haur ari dira parte hartzen.
Robotika eta dronak dira aste honetan antolatutako tailerretako gaiak. Batetik, 7 eta 10 urte bitarteko haurrek robotika hizpide duen Smart Green City tailerrean parte hartzeko aukera izan dute; 11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak, berriz, Dronak eta errealitate areagotua izeneko jardueran aritu dira. Biek ere, teknologia modu eraginkor eta arduratsuan erabiltzen ikasi ahal izan dute.
Tailer eta jarduera hauek guztiak UKUEk abian jarritako Open lab espazioan eman dituzte. Ekimen honek "artearen, zientziaren eta teknologiaren esparruetan, sortze, ikertze, esperimentatze eta garatze prozesuak aurrera eramaten" laguntzea du helburu, udal elkartearen arabera. Horrekin batera, "mota ezberdinetako erreminta, prototipatze eta fabrikazio elektronikoko makina digitalak erabiltzeko aukera eskaintzen die herritarrei, 3D inprimagailua, esaterako". Zerbitzu hau doakoa dela azpimarratu du UKUEk.
Espazioa asteartetik ostiralera bitartean dago zabalik, goizez zein arratsaldez: 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:30eran; larunbatetan ere zabalik izaten da, goizez bakarrik: 10:00etatik 13:00etara. Joan aurretik erreserba egitea gomendatzen du udal elkarteak, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta.