Eskualdeko taldeen artean maila altuenean dabiltzan taldeek asteburuan ekingo diote futbol denboraldiari; talde horien artean, esaterako, Zarautz KEko emakumeen lehen taldeak Euskal Ligako denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko du.
Igandean (hilak 8), 11:30ean hasiko da Zarautz KEren denboraldi berriko estreinako partida. Alberto Izquierdok zuzentzen duen taldeak etxetik kanpo ekingo dio ligari, Sestaoko Galindo zelaian (Bizkaia), Sestao River taldearen etxean. Joan den denboraldian kostakoekin Euskal Ligan aritu ziren hiru jokalarik utzi dute taldea: Bidatz Eizagirrek, Maite Casadevantek eta Jugatx Adurizek. Kanpotik, berriz, jokalari berri bakarra iritsi da orain arte: Idoia Garde. Gainerakoan, etxeko haztegira jo du Zarautzek emakumeen talde nagusia osatzeko eta indartzeko; horrela, Olatz Aginaga, Aiora Garro, Karlota Landa, Noa Isasa eta Marene Tamayo lehen taldearekin aritu dira denboraldi aurrean.