Oiartzun (Gipuzkoa)-Lezoko (Gipuzkoa) Katerin Artolak eta Iker Belintxonek osatutako bikotea izan zen jaun eta jabe atzo arratsaldean Euskal Astearen barruan jokatutako Helduen Dantza Txapelketan. Eguraldi kaskarra zegoen iragarrita, eta ondorioz, Modelo aretoan jokatu zuten sariketa, Lege Zaharren enparantzan egin beharrean. Hamabi bikotek jardun zuten nor baino nor oholtza gainean, eta jende mordoa bildu zen aretoan horiek animatzeko asmoarekin.
Lehen saria ez ezik –200 euro–, Artolak eta Belintxonek egokien jantzitako bikotearen saria ere eskuratu zuten –100 euro–. Bigarren postua, iazko irabazleak izan ziren Lezo (Gipuzkoa)-Sopelako (Bizkaia) Maren Galvezek eta Gorka Granadok osatutako bikoteak eskuratu zuen –180 euro– eta, hirugarrena, Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrek –160 euro–. Laugarren postua, berriz, Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrek eskuratu zuten –140 euro–.