Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Etxeko txikienen Euskal Asteko hitzordu handia

Aritz Mutiozabal 2024ko ira. 1a, 15:30

Euskal Herri osoko hamar dantza talde eta 300 dantzari inguru elkartu dira gaur Haurren Euskal Jai Eguneko Dantzarien Bilkuran.

Euskal Jai Eguna irailaren 9a bada ere, etxeko txikienek ere badute Euskal Astearen barruan beraiena den egun ofiziala. Hitzordu nagusiaren aurreko igandean ospatu ohi da, maiz Kontxako estropadekin bat eginik, eta gaurkoan ere halaxe gertatu da. Edonola ere, herrian ez zen arraun elkarteetako elastikorik ikusten, Euskal Herri osoko euskal jantziak baizik. Izan ere, ohiturari jarraituz, Daltzari Txikien Bilkura egin zuten goizean hasi eta eguerdira arte, Jalgi dantza taldearen gidaritzapean.

Aurten Euskal Jaien 100. urteurrena dela eta, topaketa berezia antolatu nahi izan dute, nahiz eta haurren eguna 60eko hamarkadan sortu zen. Hori hala, Euskal Herriko lurralde guztietako hamar dantza talde gonbidatu dituzte mendeurreneko hitzordura; Jalgiko kideek adierazi dute, zoritxarrez, Ipar Euskal Herrikotalderik ordezkaririk ezin izan dutela lortu. Gainerakoan, honako hauek aritu dira dantzan kalez kale: Nafarroatik, Leitza eta Lesaka; Arabatik, Dulantzi; Bizkaitik, Markina; eta Gipuzkoatik, Zumarraga, Mutriku, Gabiri, Getaria, Oñati eta Jalgi bera. Guztira, 300 dantzari inguru elkartu da gaurkoan herrian.

Goizean, hainbat taldetan banatuta, herriko kale eta txokotan ibili dira dantza erakustaldiak eskaintzen, eta ondoren, 12:45 aldera, talde guztiak Munoa plazan elkartu dira emanaldi bateratua egiteko herritarren aurrean. Bertan, lurraldeko bakoitzeko hainbat dantza aukeratu dituzte dantzatzeko, eta amaitzeko Jalgikoen dantza ere egin dute.

Arratsaldean jarraituko du jaiak, Musika Plazatik Iñurritzara egingo den kalejirarekin; 17:30an abiatuko da buruhandi, erraldoi, Zarautz Trik taldeko trikitilariekin eta Ustekabe txarangarekin. Iñurritzan dantzarien bilkuraz gain, puzgarriak eta euskaraokea izango dira haurrentzat eta nerabeentzat, eta egunari amaiera emateko, kalejira 20:00etan abiatuko da Musika Plazara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide