Urtero bezala, Zarautzen eman dio hasiera EAJk ikasturte politiko berriari, atzo arratsaldean malekoian (Galtxagorri elkatearen aurrean) eginiko ekitaldian. Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari Joakin Landak alderdi kide guztiei ongietorria egin bertsoz egin ondoren, hitza eman zien Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteari, lehenik, eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren buruari, jarraian.
Alderdikide ugari bertaratu ziren, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko eta Napar Buru Batzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, María Ubarretxena, Nerea Melgosa, Amaia Barredo, Begoña Pedrosa, Bingen Zupiria, Mikel Jauregi, Alberto Martínez, Noël d 'Anjou eta Mikel Irujo kontseilariak; EBBko burukide María Eugenia Arrizabalaga; Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Itxaso Atutxa. Zarauzko Udaleko ordezkari jeltzaleek ere ez zuten hutsik egin hitzordura.
“EAJ sendoa behar da, erakunde biziberritu eta eguneratu batekin, gure helburu abertzaleak berretsi eta helburu horiek lortzeko ibilbide orria ezarriko duen proiektu politikoarekin", nabarmendu zuen Ortuzarrek . Zentzu horretan, alderdi jeltzaleak "bere proposamenak eguneratzen jakin beharko" duela azaldu zuen, "euskal gizarteak haiekin bat egin dezan".
Hain zuzen ere, irailaren 29an, Alderdi Egunean eta Forondan abiatuko da alderdi jeltzalea "suspertzeko" parte hartze prozesu. "Proiektua, erakundea eta pertsonak, hurrenkera horretan", argi utzi nahi izan zuen: "Euzkadi Buru Batzarrean nor izango den erabakitzea, prozesu honen azken fasea izango da, eta funtsezko bi aldagaien ondorio izan beharko du: proiektua eta erakundea". IX. Batzar Nagusia 2025eko martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran izango da, EAJren 130. urteurrenarekin bat eginez.
Egibarrek, bere aldetik, azpimarratu zuen "euskal agenda politikoa herri ikuspegiarekin martxan jartzeko beharra"dagoela. Ildo horretan, EAJk bete izan duen "lidergo papera" aldarrikatu zuen: “Herri honen legamia izan da alderdia eta hala izaten jarraitu behar dugu Euskadiren etorkizuna bermatzeko". Era berean, bai Egibarrek bai Ortuzarrek, gaurkotasun politikoko gaiak izan zituzten hizpide.