Bertsolari Gazteen XLVIII. Lizardi Sariko txapelketako finala gaur zortzi jokatuko da, eta taula gainean zein sei bertsolari izango diren aurretiazko kanporaketen bidez zehaztuko da; bakoitzean zortzi bertsolari kantuan. Hain justu ere, atzo gauean egin zuten lehen saioa, estreinakoz Santa Klara komentuko aretoa lehiaketarako leku bihurtuta, eta bertan aritu zirenen artean, Andoni Rekondo hernaniarra nagusitu zen nabarmen, 222,5 punturekin; bigarren izan zen Iruri Altzerreka garaiarrari 13,5 puntuko aldea atera zion eta besteekiko aldea, berriz, handiagoa izan zen.
Kanporaketa sailkapena eta emaitzak honela geratu ziren, hurrenez hurren: Andoni Rekondo hernaniarra (222,5 puntu), Iruri Altzerreka garaiarra (209 puntu), Maite Sarasola deustuarra (200 puntu), June Aiestaran beasaindarra (193 puntu), Uxue Alkorta zarauztarra (192,5 puntu), Unai Anda zuiarra (183 puntu), Naia Arrizabalaga azkoitiarra (180 puntu) eta Aimar Sorazu zarauztarra (175'5 puntu).
Kanporaketa bakoitzeko garailea zuzenean sailkatzen da finalera, beraz, Rekondok bermatu du bere aulkia. Gainerako lau txartelak bi saioetako puntuazio onenak lortu dutenentzat izango dira. Hori guztia zehazteko, bigarren kanporaketa jokatuko dute gaur, 22:00etan, komentuko aretoan, eta ondorengo zortzikoa ariko da kantuan: Aitor Tatiegi (Oñati), Idoia Granizo (Altsasu), Andoni Mujika (Urnieta), Libe Goenaga (Getaria), Julene Iturbe (Azkoitia), Mikel Etxezarreta (Olaberria), Ane Peñagarikano (Zarautz) eta Araitz Katarain (Mallabia).