Zarautz ez da lehiatuko Kontxako Banderaren bila

Aitziber Arzallus 2024ko abu. 29a, 19:05

Zarauzko trainerua, Orioko estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

Emakumeen sailkapen estropada jokatu dute arratsaldean, eta Zarauzko trainerua hamargarren postuan sailkatu da; beraz, ez da lehiatuko Donostiako badian.

Atzo gizonezkoek egin bezala, gaur arratsaldean emakumezko arraunlariak aritu dira nor baino nor Kontxako Banderaren lehiara sailkatzeko zazpi txarteletako bat lortzeko. 18:00etan hasita, hogei ontzi uretaratu dira, erlojupeko estropadari aurre eginez, minutuko tartearekin, eta eskualdetik Oriok bakarrik lortu du denboraldiko estropada garrantzitsuenerako sailkatzea, baina hark ere ozta-ozta. Zarautz, berriz, ez da sailkatu.

Ahulenen iraultza izan da gaurkoa; izan ere, ETE ligako traineruek indar erakustaldi izugarria egin dute, eta Euskotren ligan lehiatu diren hainbat traineru Kontxatik kanpo utzi dituzte. Segundo gutxi batzuek erabaki dute guztia.

Irteten hamabigarrenak izan dira mirotzak, eta sailkapenean zazpigarren postuarekin konformatu behar izan dute, lanik onena egin duen Arraun Lagunak (10:55:32) baino 16 segundo 36 ehuneneko gehiagoko denbora eginda.

Zumaiakoak, berriz, hamahirugarren izan dira irteeran, eta justu-justu eta azken unean, baina Kontxatik kanpo gelditu dira, zortzigarren lekuan sailkatuta (11:12:90). Iazko lorpenik ezin izan zuten berdindu, beraz. Zarautz bederatzigarren abiatu da, eta sailkapeneko hamargarren lekuan bukatu ditu lanak. Biak ala biak ETE ligako taldeak izanik, ez zeuden sailkatzeko taldeen zerrendetan faborito moduan, eta tamalez, halaxe izan da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide