Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Fandango eta arin-arin ikastaroak antolatu dituzte Frontoi Txikin bihartik ostiralera arte

Ian Ruiz Lizaso

Euskal dantzak Euskal Jaietan. (Aritz Mutiozabal)

Iraileko lehen astea Euskal Jaietan murgiltzeko da. Hori dela eta, herritarrek euskal dantzetan trebatzeko doako ikastaroa eskainiko du udalak.

Euskal Jai Astean murgildu da herria Haurren Euskal Jai Egunarekin. Bihartik aurrera,  erakusketak, lehiaketak, emanaldiak eta bestelako ekintzak antolatu ditu udalak, herriko eragileen laguntzarekin. Horien artean, fandango eta arin-arin ikastaroa izango da Frontoi Txikin bihartik ostiralera arte.

Ikastaroari dagokionez, Jon Alkain eta Alaitz Garciak eramango dute aurrera Zarautz TRIKen laguntzarekin. Hasiera batean Frontoi Txikin izango da, baina euria egingo balu, Gaztelekura lekualdatuko litzateke. Arratsaldeko 17:30ean izango dira ikastaroak, eta ez da izenik eman behar parte hartzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide