Aurtengo Euskal Jai Asteko Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketan parte hartzaile gutxi animatu dira. Hori dela eta, udalak txapelketa bertan behera uztea erabaki du. Abuztuaren 6tik 26ra izen ematea irekita egon zen. Baina gutxieneko kopurura iristen ez zirela ikusirik, bertan behera utzi behar izan dute; ekitaldia aurrera eramateko ez da nahikoa parte hartzaile animatu, nahiz eta aurten mendeurrenaren harira txapelketa guztietan sarien kopuruak igotzea erabaki duten. Zarauzkoa ez da fenomeno isolatua izan, Aia, Orion eta Getarian antolatutako lehiaketetan ere bera gertatu zen.
Asteazkeneko txapelketan lau pieza jo behar zituzten parte hartzaileek: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Gainera, piezaren bat norberak sortutakoa izango balitz, epaimahaiak kontuan hartuko lukeela adierazi zuten. Bestalde, sariei dagokionez, irabazleek 400 euro, txapela eta garaikurra jasoko zituzten. Bigarren geratuko zirenek, 300 euro. Herriko aurreneko bikotearentzat, sari berezi bat izango zen. Azkenik, gainontzeko partaideentzat 100 euroko saria banatuko zen.