Bihar jarriko dituzte salgai VII. Euskal Pentatloiaren kanporaketarako sarrerak

Nerea Uranga 2024ko abuztuaren 29a

Pentatloia lehiaketaren argazki bat. (GUKA)

Euskal Pentatloiaren kanporaketa eta finala Azpeitiko zezen plazan jokatuko dituzte; irailaren 7an eta 21ean. Kanporaketan hamabi kirolarik parte hartuko dute. Horien artean, Xabat Olaizola eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak lehiatuko dute.

Euskal Pentatloiak hartuko du aurtengo irailean ere Azpeitiko zezen plazak. Herri kiroleko lehiak zazpigarren aldia beteko du aurten, eta hamabi kirolak parte hartuko dute gizonen lehen mailako Euskal Pentatloian. Kanporaketa saioa irailaren 7an (larunbata), 18:00etan hasita izango da, eta hitzordu horretarako sarrerak ostiral honetan (abuztuak 30) jarriko dituzte saltzen Landetako Mendizabal erretegian. 20 euro balioko du kanporaketa saiorako sarrerak. Egunean bertan ere egongo da aukera sarrera erosteko zezen plazako leihatilan, kirol proba hasi baino ordu eta erdi aurretik.

Kanporaketa saioan denbora onena egiten duten sei kirolariek lortuko dute aukera irailaren 21ean (larunbata), 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalean parte hartzeko.

Finalerako txartelaren bila hamabi kirolari lehiatuko dira. Iazko sei finalistak, azken hiru edizioetan txapela jantzi duen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a buru dutela, eta joan den ekainean bigarren mailako II. Euskal Pentatloia jokatu zuten hainbat kirolari. Hauek dira irailaren 7ko kanporaketan parte hartuko dutenak: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Xabat Olaizola (Zarautz), Ioritz Gisasola (Mallabia, Bizkaia), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Julen Kañamares (Aroztegi, Nafarroa), Beñat Amade (Algorta, Bizkaia), Ander Altuna (Astigarraga, Gipuzkoa), Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Daniel España (Valsain, Espainia), Jon Bengoetxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Iker Goldarazena (Berriozar, Nafarroa). Sei onenak igaroko dira finalera.

2023ko kanporaketan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak 1983ko pentatloiaren kanporaketan ezarritako marka hautsi zuen Izeta VI.ak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide