ZKE Eskubaloi ataleko gorengo taldeek abiatu dute denboraldiaurrea. Amenabar Zarautz eta Aiala Zarautz taldeak hasi dira liga hasi aurreko prestaketa lanetan, baita lagunarteko partidak jokatzen ere.
Aurreko astean Anaitasunaren eta Torrelavegaren aurka jokatu zuen Amenabarrek, eta Aialak Iruñeko eskubaloi taldearen aurka Aritzbatalden. Ostiral honetan, 19:30ean, Amenabarrek Bidasoa Irunen bisita jasoko du etxean.
Horrez gain, kanpoan ere izango dituzte lagunarteko norgehiagokak: bihar, 17:45ean hasita, Usurbilen aurka ariko da Amenabar, eta larunbatean, ZKE Eskubaloiko bi taldeak Anaitasunaren aurka lehiatuko dira Iruñean.
Amenabarrek irailaren 14n ekingo dio ligari Antequeraren aurka, etxetik kanpo, 18:30etik aurrera. Aialak, berriz, astebete geroago, irailaren 21ean, Aritzbataldeko kantxan, 19:30ean, Urdulizen kontra.