Gutuna

Amaitu dira aurtengo kukañak

Aritz Mutiozabal 2024ko abu. 27a, 09:00

Haur bat kukañatik uretara salto egiten. (Jabi Gonzalez Toston)

Zarautz Arraun Elkarteak ondorengo gutuna helarazi du, eta bertan dio, besteak beste, kukañaren etorkizunaz hausnartzeko beharra antzeman duela.

Pasa den osteguneko saioarekin amaitu da aurtengo kukaña sasoia eta 11 urte igaro dira Zarauzko Arraun Elkarteak zarauztar denona den usadioari berriz heltzea erabaki zuenetik. 

Arraunak itsasoarekin eta moilarekin duen lotura zuzenaz baliatuta, ilusioz ekin zion arraun elkarteak ekimenari, Moila Biziberritzen lelopean.

Bistakoa izan da urte guzti hauetan kukañak izan duen arrakasta eta horren lekuko izan dira festa egun horietara gerturatu diren guztiak. 

Denok ikusi ditugu haurren eta gazteen aurpegiak kukañaren puntara iristeko gogoz eta irrikaz, beraien txanda noiz iritsiko zain, ilaran. Denok entzun ditugu bibak eta oihuak baten batek puntako banderatxoa hartu eta irribar betean uretara erortzen zen bakoitzean.

Aurten, gainera, itsasoak lagunduta, abuztuan ere bi kukaña saio egiteko aukera izan dugu aspaldiko partez eta usadioari jarraituaz, lau kukaña saio izan ditugu udan.

Denak ez dira kontu alaiak, ordea. Urtetik urtera areagotzen joan diren arren, bereziki tamalgarriak izan dira aurtengo udan moilan ikusi ditugun portaera batzuk. 

Bolo-bolo ibili zen interneten gazte talde batek asko kostatako kukaña berri-berria nola puskatzen eta ospatzen zuten bideoa. Horrek hauspotuta, ZAEk esfortzu handiz eta errekor denboran jarritako kukaña berria puskatu nahian pasa dute beste askok uda sasoia.

Tamalez, ZAEk antolatutako saioetan aplikatzen diren gutxieneko segurtasun neurriak ahaztu egiten dira erabat egun horietatik kanpo. Edozein itsasgorarekin ikusi ditugu gazteak moilan murgil egiten azpian norbait zebilen erreparatu gabe, baita kukañatik ere. 

Horiek guztiak kontuan hartuta, ZAEk kukañaren etorkizunaz hausnartzeko beharra antzeman du; bai elkarteak berak, baita erabiltzaileek eta guraso arduradunek ere.

Zarauzko Arraun Elkartea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide