Shelter 4teens txapelketan parte hartzeko izen ematea larunbatean amaituko da

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abuztuaren 26a

Zarautz 4TEENS txapelketa. (Utzitakoa)

Irailaren 13tik 15era bitartean egingo da lehiaketa. Bost kategoria bereiziko dira, besteak beste, 10 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko neska-mutilak nahiz surf egokitua adin guztientzako gazteentzat. Izen ematea larunbata arte egogo da zabalik.

Zarauzko Shelter Surf zentroak 4Teens txapelketaren VIII. edizioa antolatuko du irailaren 13tik 15era bitartean. Surfaren eta lehiaketaren balioak gazteei helaraztea du helburu ekimenak, ingurunearen, itsasoaren eta itsasertzaren zaintza bultzatzearekin eta gizarte-inklusioa eta bizimodu osasungarria sustatzearekin batera.

Izena emateko epea zabalik egongo da larunbata arte eta Shelter 4Teens webgunearen bidez egin daiteke. Bost kategoria bereiziko dira, besteak beste, 10 urtez azpikoak, nesken eta mutilen kategorietan; 14 urtez azpikoak, nesken eta mutilen kategorietan; eta azkenik, surf egokitua, adin guztietako neska-mutilentzat. Izen-emateak 30 euroko kostua du, larunbat eta igandeko bazkariak barne.

Egitaraua

Irailak 13, ostirala: Kind Surf Challenge by Seiko

13:30. Taldeen checking-a.
14:00. Parrillada eta musika egun osoan.
14:30-19:00. Taldekako Kind Surf Challenge txapelketa.
16:00-17:00. Surf ikastaroak.
19:00-23:00. Barbakoa eta kontzertuak.

Irailak 14, larunbata: Shelter 4Teens txapelketa

08:00-19:00. Surf txapelketa. 14 urtez azpiko eta 10 urtez azpiko kategoriak.
17:00. Haurrentzako jasangarritasun eta ingurumen tailerra.
19:00-23:00. Parrillada egun osoan eta txapelketaren ondoren, musika.

Irailak 15, igandea: Shelter 4Teens txapelketa

08:00-17:00.Surf txapelketa.
12:00-14:00. Surf egokituko kategoria.
17:00-18:00. Skate txapelketa.
18:00-19:00. Sari banaketa eta VIII. Shelter 4Teens parte hartzaile guztien azken argazkia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide