Emakumeen Etxeak ikasturte berrirako programazioa aurkeztu du

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abuztuaren 22a

Ezkerretik Eskuinera: Gloria Vazquez eta Irati Baroja. (Ian Ruiz Lizaso)

Jabetza Eskolako kurtsoak, hitzaldiak eta ikuskizun bat antolatu dute irailetik abendura bitartean.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak Emakumeen Etxeko ikasturte berrirako programazioa aurkeztu du gaur goizean. Aurkezpenean, lehen lauhilekorako antolatu diren ikastaro eta ekitaldi guztien berri eman dute.

Gloria Vazquezek (PSE-EE) , Parekidetasun zinegotziak, honako hau azaldu du: “Emakumeen etxearen helburuen barruan, besteak beste, emakumeon arteko sareak sortzea, esperientziak eta bizipenak partekatzea, elkar entzutea, emakumeoi ikusgarritasuna ematea eta ahalduntzea daude". “Baina bereziki, gure Emakumeen Etxea indarkeria matxista sufritzen duten emakumeentzako laguntza lortu ahal izateko bide nagusietako bat da”, azpimarratu du.

Gaur egun hainbat zerbitzu eskaintzen dira Emakumeen Etxean: aholkularitza psikologiko eta juridikoa, atzerriko tituluen homologazioa, topaguneak, liburutegia, ordenagailuen zerbitzua... Honez gain, Zarauzko Emakumeen Etxeko mahaia taldearen eskaera eta proposamen ondorioz, aurtengo programazioan Jabetza Eskolaren barruan zazpi ikastaro, hiru hitzaldi eta ikuskizun bat antolatu da.

Gainera, urte osoan zehar bi tertulia literario feminista talde ere garatuko dira, bata euskaraz eta bestea gazteleraz:  ‘Irakurle Eskola Feminista’, Iratxe Retolazarekin; eta ‘Escritoras del Mundo’, Isabel Allenderekin. Tertulia hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea. 

Hona hemen Jabetza Eskolaren zazpi ikastaroak:

  • Oinarrizko konponketa elektrikoak. (Euskaraz)
  • AMARTE, dinámicas artísticas grupales. (Gazteleraz)
  • Noka ikastaroa. (Euskaraz)
  • La violencia en las relaciones, del mal trato al buen trato. (Gazteleraz)
  • Zoru Pelbikoa. (Euskaraz)
  • Fantasia Tailerra. (Euskaraz)
  • Organiza tus finanzas. (Gazteleraz)

Izena emateko epea irailaren 16an amaitzen da eta kurtsoen iraupena abendura bitartekoa izango da. Kurtso hauen aurkezpen saio bat antolatu dute irailaren 11n, arratsaldeko 18:30ean Emakumeen Etxean. Bertan, ikastaro hauek emango dituzten irakasleak egongo dira azalpenak ematen zalantza guztiak argitzeko.

Honez gain, hiru hitzaldi antolatu dira:

  • Irailak 18. Zaintzaren inguruko tailerra (Irati Mogollón)
  • Irailak 26. Autodefensa feminista (Maitena Monroy)
  • Urriak 9 eta 23. Elikadura osasuntsua eta gorputz aniztasuna (Eli Gallego, Garazi Lizarraga eta Jone Larrañaga)

Azkenik, "Llamalo X" ikuskizuna aurkeztuko dute, sexualitate femeninoaren inguruan hausnartzeko. Urriaren 30ean izango da Modelo Aretoan, arratsaldeko 20:00etan

Liburuxka bat osatu dute programazioaren inguruko informazio guztiarekin. Udal eraikin ezberdinetan egongo dira eskuragai herritarrentzat. Honez gain, Emakumeen Etxearen webgunean eta sare sozialetan ere eskuratu daiteke informazioa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide