Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Zarauzko Udalak Euskal Jaien egitaraua aurkeztu du

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abu. 21a, 16:30

Ezkerretik eskuinera, Irune Urbieta, Xabier Txurruka eta Leire Arana. (Zarauzko Udala)

Udalak, herriko beste eragileekin batera, egitarau berezia antolatu du jaien mendeurrena ospatzeko.

Zarauzko Udalak aurtengo Euskal Jaien egitaraua aurkeztu du gaur. Aurtengo jaiak bereziak dira, 100 urte igaro baitira lehenengo Euskal Jaiak ospatu zirenetik. Hori dela eta, jaien mendeurrena ospatuko da aurten. Udalak, herriko eragileen laguntzarekin, egitarau berezia antolatu du. Lehengo urteko jaiak amaitu bezain laister, udala mendeurreneko egitaraua osatzen hasi zen, eta urtean zehar, hainbat lehiaketa eta ekintza martxan jarri ditu.

"100 urte hauetan ehundaka taldek eta herritarrek hartu duzue parte zarauztarrok hain kutuna dugun Euskal Jaiaren antolakuntzan, eta egitasmo ugari eta askotarikoak antolatu izan dira Zarauzko festa herrikoi handi hau bultzatzeko eta indartzeko. Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez!", eskertu du Xabier Txurruka alkateak. “Urtero gogo biziz hartzen ditugu gure Euskal Jaiak, baina aurtengoak, mendeurrena izanik, ilusioz beterik biziko ditugu”.

“Euskal Jaia bizitzeko mila modu daude, bakoitzak berea du, baina festa errespetuz eta arduraz disfrutatzea eskatzen dizuet, Zarautzen ez dugulako inolako jazarpenik edo erasorik onartzen”, adierazi du Txurrukak. “Euskaltzaletasunaren eta zarauztartasunaren sugarra bizirik mantendu duen Euskal Jaiaren mendeurrena giro jator eta alaian bizi eta ospatzea opa dizuet”.

100 urte hauetako ibilbidea herritarrei ezagutarazteko, bi erakusketa antolatu dituzte. Abuztuaren 29tik irailaren 22ra, Euskal Jaiak 100 urte erakusketa izango da Merkatu Plazako lehen solairuan. Bertan, Euskal Jaien sorrerako eta lehen urteetako argazki, irudi eta dokumentuak egongo dira ikusgai. Bestalde, abuztuaren 26tik irailaren 9ra, euskal jantzi tradizionalen erakusketa izango da herriko dendetako erakusleihoetan.

Bi erakusketa horien inguruko informazio gehigarria eskuorri eta liburuxka berezietan argitaratuko dute. Turismo Bulegoan, Sanz Enea liburutegian, erakusketan parte hartzen duten saltokietan eta Merkatu Plazako lehen solairuan egongo dira eskuragarri.

Karrozen Lehiaketa

Euskal Jaien historian hain garrantzitsuak izan diren karrozek protagonismo berezia izango dute aurten. Irailaren 9ko eguerdian, ikusgai izango dira udalak antolaturiko lehiaketaren bitartez, Musika Plazan. Uda hasieran, lehiaketa baterako deialdia egin zuten Euskal Jaietarako karrozen ideia eta diseinuak aukeratzeko. Bertatik, lau diseinu aukeratu zituzten, eta ordutik gauzatzen ari dira garaileak: Jose Maria Zuazobide, Jose Luis Lasa, Iñigo Arrillaga eta Juan Antonio Mendizabal.

Berezitasun bezala, aurten, irailaren 8an, mendeurrenaren brindisa egingo dute Lege Zaharren Enparantzan. Bertan, parrilla herrikoia eta sagardo eta txakolin dastaketa izango dira.

Urtero bezala, Euskal Jaien barruan hainbat txapelketa jokatuko dituzte, hala nola Bertsolari Gazteen XLVIII. Lizardi Saria (kanporaketak abuztuaren 29an eta 30ean eta finala irailaren 6an), XXXVI. Aurresku Txapelketa (irailak 7), Helduen Binakako Dantza Txapelketa (irailak 2), Bikote Gazteen Dantza Txapelketa (irailak 5) edota Trikitilari Gazteen XLIV. Txapelketa (irailak 4).

Irailaren 2tik 6ra fandango eta arin-arin ikastaroa eskainiko dute Frontoi Txikin, Jon Alkain eta Alaitz Garciaren eskutik eta Zarautz Trikek lagunduta. Saioak 17:30ean izango dira, eta ez da aurrez izenik eman beharko. 

Gainontzean, mendeurreneko Euskal Jaietan ez da faltako urtez urte jaiak berezi egiten dituzten musika eta dantza ekitaldiak. Egunotan festetan murgiltzeko hamaika ekitaldi izango dira: kalejirak, erromeriak, karaokeak, dantza emanaldiak, plaza dantzak...

Egitaraua eta eskuorriak ostiraletik aurrera egongo dira eskuragarri Turismo Bulegoan eta Sanz Enea liburutegian. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide