Harrera egin dio herriak Nadia Erostarberi

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abuztuaren 21a

Parisko Olinpiar Jokoetan diploma eta bosgarren postua lortu duen Nadia Erostarbe surfalriari harrera egin zioten atzo arratsaldean Lege Zaharren enparantzan.

Olinpiar Jokoetan bosgarren postua eta diploma eskuratu duen Nadia Erostarberi harrera egin zioten atzoko egunean. Ekitaldia Lege Zaharren enparantzan izan zen arratsaldeko 19:30ean. Herritar ugari bertaratu ziren omenaldia egitera eta herriak duen mirespena adieraztera.

Surfeko oholekin egindako pastillotik igaro zen Erostarbe plazara arte. Bertan, Xabier Txurrukak, alkateak, eta Inaxio Ilarramendik, Kirol zinegotziak, lore-sorta bat eman eta txapela buruan jarri zioten. Gainera, Udaleko gainontzeko alderdietako zinegotziak ere gerturatu ziren surflari zarauztarra txalotzera.

Nadia Erostarbek honako hau adierazi zuen: "Eskerrak eman plazara gerturatu zareten guztioi. Ikaragarria izan da Olinpiar Jokoetakoa eta jende askori esker lortu dut". Honez gain, lehiatzen egon den bitartean herritarren mezu eta energia ugari jaso dituela ere baieztatu zuen surflariak. "Zarauzko Udalari eta Zarauzko Surf Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiet zine modeloan eta klubean jarritako pantaila handiengatik eta nire Olinpiar Jokoetako parte hartzea zuzenean emititzeagatik". Aritz Arambururi ere eskerrak eman zizkion jokoetan emandako laguntza guztiengatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide