Ligako azkeneko estropadan eman du sorpresa Zarauzko Enbatak. Gaur arratsaldean jokatuko dute Ibaizabalen Emakumeen Bilboko IX. Ikurrina – Ane Aizpururen IV. Oroimenezkoa estropada. Erlojuaren aurkako estropada izan da gaurkoa. Ziabogan denbora bera egin dute Astillerok eta Zarautzek (5:19) eta bueltako luzean azkarrago izan dira zarauztarrak. 10:49,39 denboran amaitu dute lana zarauztarrek, eta kantabriarrek 70 ehuneko gehiagoan (10:50,09). Hirugarren San Juan izan eta laugarren Zumaia.
Pozaren pozez hartu dute Zarauzko arraunlariek irabazlearen bandera, eta poza gaur arratsaldean errepikatuko da Zarautz bertan. Izan ere, harrera egingo diete arraunlariei 20:30ean Lege Zaharren enparantzan.
Gizonak seigarren
Jarraian, 46. Bilboko Hiria Ikurrina jokatu dute. Hau ere, erlojupeko estropada izan da, eta Zarautz seigarren postuan sailkatu da. Bandera San Juanek irabazi du.
Liga ere seigarren postuan bukatu du Zarautzek. Denboraldi hasieran martxa bat gehiagorekin aritu zen eta une batzuetan sailkapeneko bigarren postuan ere kokatu zen San Juan indartsuaren atzetik. Gerora, beherakada bat izan zuen eta sailkapeneko erdi aldean ibili da.