Ezusteko handiak eman ditu Zarauzko ikurrinen bigarren jardunaldiak. Izan ere, orain arte banderarik irabaziak gabe zeuden bi klubek lortu dute irabazlearen bandera astintzea Zarautzen: Tolosaldeak Euskotren ligan eta Donostiarrak Eusko Label ligan.
Lehen txandan aritu den Tolosaldeak sorpresa eman du arraun jardunaldiari hasiera eman dion Euskotren ligako estropadan. Aise irabazi du bere txanda, bigarren izan den Hibaikari minutu erdi baino gehiagoko aldea atereaz. Egindako denbora, 11:15,04, nahikoa izan da gainera Zarauzko Ikurriña irabazteko, orain arte estropada guztiak irabazi dituen Donostia Arraun Lagunakek hiru segundo gehiago behar izan dituelako lana bukatzeko. Donostiarra izan da hirugarren eta Orio laugarren.
Donostiarrek izan dute, bai, ligako garaikurra altxatzeko aukera. Duela jardunaldi batzuk ziurtatu zuen Arraun Lagunakek matematikoki Euskotren lugako garaipena, baina azken jardunaldira arte egon behar izan dute zain trofeoa jasotzeko.
Emakumeen lanak amaituta, gizonen txanda izan da, eta hemen ere ezusteko handia izan da, Donostiarrak irabazi baitu Zarauzko ikurriña. Bezperako jardunaldian Urdaibai izan zen azkarrena, baina une erabakigarrian Donostiako traineruak lortu du garaipena. Bigarren izan da gaur Urdaibai, Hondarribia hirugarren eta, larunbatetik hobekuntza erakutsiz, laugarren Orio. Atzo bosgarren izan zen Getariak gaur zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du.
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.