Uliako eta Igeldoko harrien jasoaldien marka berriak ezarri dituzte Zumetak eta Lopetegik

Juan Luis Romatet 2024ko abuztuaren 18a

Herri kirol jaialdia egin zuten atzo Donostiako Trinitate plazan Aste Nagusiko egitarauaren barruan, eta Zarauzko Ainitze Zumetak eta Mikel Lopetegik errekorrak hautsi zituzten. 

Uliako eta Igeldoko harriak jasotzeko jaialdia egin zuten atzo Donostiako Alde Zaharrean dagoen Trinitate plazan, Aste Nagusiko egitarauaren barruan. 70 kilo ditu Uliako harriak; Igeldokoak, berriz, 134 kilo. Biak ere forma irregularra dute eta horrek are eta zailagoa egiten dute jasotzea.

Zazpi emakume aritu ziren Uliako harriarekin eta irabazlea, iaz gertatu bezala, Ainitze Zumeta izan zen. 2023an marka ezarri zuen 17 jasoaldiekin. Atzo bere errekorra hautsi zuen eta guztira 21 aldiz igo zuen 70 kiloko harria. Lierni Osa izan zen bigarren eta Maddi Gesalaga hirugarren.

Jarraian, Igeldoko harriaren proba jokatu zuten. Hamabi harrijasotzaile aritu ziren 134ko harria altxatzen. Mikel Lopetegi Urra izan da dominatzaile azken urteotan, baina aurreko ediziotan ez zen gai izan Goenatxo II.ak 2002an ezarritako 19 jasoaldien marka hausteko. 2022an 17 aldiz altxatu zuen harria, eta iaz 18tan. Atzo, baina, 20 aldiz igo zuen harria errekor berria ezarriz. Bigarren Paulo Azpiazu izan zen eta hirugarren Beñat Telleria.

Argazkiak: Ibon Errazu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide