Ez da estropadarik faltako asteburu honetan Zarautzen. Gaur arratsaldean eta bihar goizean Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokatuko dituzte, arraun denboraldiko garrantzitsuenetakoak. Aurretik, ETE eta KAE1 ligetako estropadak izan dituzte Zarautzera bertaratu diren arraunzaleek.
Zarauzko arraun elkartearen IV. Ikurriña izan da lehenbizi jokoan. ETE Ligarako puntuagarria den estropadan, etxeko ontziak lan ona egin nahi izan du herritarren aurrean. Zarautz izan da ziabogara lehena sartzen, eta bigarren egin duen Astillerori segundo bateko aldea atera dio. Itzulerakoan kantabriarrek aurrea hartu dute eta bandera irabazi dute. Zarautz, berriz, bigarren izan da, hirugarren egin duen Zumaiaren aurretik.
Ondoren, KAE1eko estropada jokatu dute, Zarauzko arraun elkartearen XV. Ikurriña, alegia. Zarautz bigarren txandan aritu da, eta bigarren egin du Arkoteren atzetik. Egin duen denbora, baina, ohorezko txandan aritu diren Lapurdi eta Zumaiarena baino hobeagoa izan da, eta eguneko sailkapenean laugarren postu on bat lortu du Enbatak.
Emakumeek zein gizonek bihar izango dituzte ligetako azken saioak. Bilbon izango dute hitzordua. ETE Ligan, Emakumeen Bilboko IX. Ikurriña – Ane Aizpururen IV. Oroimenezkoa jokatuko dute; KAE1 Ligako ontziek, berriz, Bilboko Hiria XLVI. Ikurriña jokatuko dute.