Atzo abiatu zuten Zarauzko Aste Nagusia eta gaur eta bihar gauean ikusmin handia sortu ohi duten su artifizialak jaurtiko dituzte. Pirotecnia Vulcano etxea arduratuko da ikuskizunaz bi egunetan eta hondartza ingurura jende ugari gerturatzea espero dute.
Su artifizialen ondoren, musika emanaldiak izango dira malekoian eta Musika Plazan. Gorputzak astintzeko gogoz dauden herritarrek, beraz, izango dute horretarako aukera. Dena den, bi saioak ordu berean izango direnez, bataren eta bestearen artean aukeratu beharko dute. Malekoian ETS (En Tol Sarmiento) taldea arituko da gaur gauean eta Musika Plazan UT!. Bihar, berriz, Mikel Erentxun malekoian eta Roberto Urrutia eta Amanecer Rancheroren emanaldia plazan.