Aztoratuta dago beste behin ere arraun mundua. ETE Ligan lehiatzen ari diren Zumaiak eta Zarautzek salaketa aurkeztu zuten pasa den astean beraien iritziz Astillerok propiotzat jotzen zituen hiru arraunlari aritu direlako traineruko tostetan baldintza hori bete gabe. Bi klubek salatu dutenez, arraun denboraldi honetan Astillerorekin zazpi estropadan lehiatu diren hiru arraunlari hauek "propio" bezala izendatuta zeuden klub kantabriarrak aurkeztutako fitxetan, nahiz eta beste arraun klub batzuekin ere aritu izan diren aurretik. Zarautzen eta Zumaiaren iritziz, klubek ezinbestekoa duten harrobiko edo arraunlari propioen kupo minimoa bete du Astillerok hiru arraunlari horiek ontzian sartuta.
Onda Vasca irrati kateak aurreratu duenez, lehiaketako epailea Kantabriako (Espainia) klubarekin harremanetan jarri da haren iritzia jasotzeko. Galdeketaren ondoren hiru arraunlari horien fitxak aldatu ditu Astillerok eta "propioak" izatetik "ez propioak" izatera pasatu ditu. Astillerok akatsa onartutzat eman badu ere, lehiaketako epailearen ustez ez du "borondate txarrez" egin eta, horregatik, ez du aintzat hartu Gipuzkoako klubek eskatzen zutena, talde kantabriarra aipatu zazpi estropada horietatik deskalifikatzea, hain zuzen.
Zumaiak eta Zarautzek eskatzen zutena epaileak onartu izan balu, eragin nabarmena izango zuen ETE Ligan. Astillero da gaur egun Ligan lider, Zumaia bigarren da eta hirugarren Zarautz. Astillero jokoz kanpo geratuko balitz, Zumaiak irabaziko luke ETE Liga eta Zarautz Euskotren ligarako play offera sailkatuko litzateke.