Atzoko bero sapari festa giroarekin erantzun zioten atzo aurre Zarautzen, Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festetan. Ia 40 gradoko tenperaturarekin, asko eta asko etxean babestuko ziren zertxobait freskatu arte. Besteak kalera atera ziren SKAPA festen barruko egitarauan jasotako ekitaldietan parte hartzera.
Aldapan gora, aldapan behera dantzan aritu eta gero, herri kirolen erakustaldia izan zuten plaza gorrian. Beroarekin, nahikoa lan izan zuten harriak altxatzen eta enborrak mozten. Bitartean, Zarautz Trik taldeko trikitilariak auzoko kaleak musikaz girotzen aritu ziren.
Auzoko gazteek ikatza pizten aritu ziren saiheskia eta oilasko hegoak erretzeko. Egiten zuen beroari parrillarena gehitu zitzaien eta izerdi-patsetan ekin zioten lanari. Hegoak eta saiheski puskak jan zituztenek eskertu zuten hauen lana.
Gaurko egitaraua
- 09:00. Txistulariak.
- 10:30. Patxi Iruretagoienaren Marmitako Lehiaketaren hasiera, Plaza Gorrian.
- 11:30. Toka eta Xakela txapelketa, haurrentzat.
- 12:30. Patata tortilla eta postre lehiaketak.
- 13:00. Auzo bazkarirako tokia hartzea. Ondoren, bakal aurreko auzo poteoa.
- 13:45-14:00. Marmitakoak oholtza gainera aurkeztu.
- 15:00. Auzo bazkaria. Ondoren, poteo girotua auzoan barrena.
- 22:00. Bertso saioa, Plaza Gorrian. Bertsolariak: Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia, Julen Zulaika eta Maialen Lujanbio.
- 00:00. Fan & Go erromeria taldea.