ETE Ligarako puntuagarria zen Ondarroako XV. Bandera izan da gaur jokoan Bizkaiko herrian. Zarauzko Enbata ohorezko txandan aritu da Astillero, Zumaia eta Kaikurekin. Beste ontziek ihes egin die lehen luzerako, eta ziabogako orduan bederatzi segundoko aldea atera dio buelta lehenengo postuan eman duen Astillerok. 6:03 denbora lehen txandan aritu den San Juanen berdina izan da.
Bueltako luzean aldea handitu egin die aurkariek eta estropada bosgarren postuan amaitu du, 11:22,09 denborarekin. Ohorezko txandan aritu diren beste hiru ontzien eta zarauztarren artean sartu da San Juan, laugarren postuan. Bandera Astillerok irabazi du eta bigarren, 35 ehunekotara, Zumaia sailkatu da.
Sailkapen orokorrean hirugarren postuan jarraitzen du Zarautzek, 62 punturekin, baina Kaikurekiko zuen aldea bi puntutan murriztu da; 58 puntu dituzte bizkaitarrek.
Datorren ostegunean, hilaren 15ean, goizeko 11:40ean hasita, izango da ETE Ligako hurrengo estropada. Plentzian izango da, eta ETE Liga Bandera izango da jokoan.