Udalak Aste Nagusirako mugikortasun murriztua dutenentzat gune bat jarriko du

Ian Ruiz Lizaso 2024ko abu. 11a, 09:00

Aste Nagusietako mugirkotasun murriztuentzako gunea. (Zarauzko Udala)

Gune hori erabili nahi dutenek akreditazioa lortu behar dute aurrez, Turismo Bulegora jota. Damako eremuan antolatzen diren kontzertuak ahalik eta pertsona gehienek kontzertuez gozatzeko aukera izan dezaten nahi du udalak.

Zarauzko Aste Nagusian, Damako eremuan antolatzen diren kontzertuetan, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat gune bat prestatu du udalak. Azken urteetan Zarauzko Udala aurrerapausoak eman ditu antolatzen diren ekitaldietan. Oraingoan, dibertsitate funtzionala, behar bereziak edo mugikortasun murriztua duten pertsonen integrazioan ibili dira lanetan herritar guztiak kontzertuetaz gozatzeko. 

“Azken urteetako esperientziak eta, batez ere, gune horretara bertaratu diren pertsonekin izandako elkarrizketak, oso aberasgarriak izan dira. Espazio horren kudeaketa hobetzeko pausoak ematen jarraitzen dugu eta, iazko iradokizunak kontuan hartuta, aurten, berrikuntza nagusia izango da gune horretara sartzeko akreditazioa beharrezkoa izango dela. Izan ere, egun bakoitzeko aforoa kontrolatzea garrantzitsua da, ahalik eta pertsona gehienek kontzertuez gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Leire Aranak (EAJ-PNV), Jaietako eta Ekitaldietako zinegotziak.

Akreditazioa lortzeko beharrezkoa izango da aurrez Turismo bulegora (Kale Nagusia 30) gerturatzea eta mugikortasun murriztua egiaztatzeko txartela edo dokumentazioa erakustea. Akreditazioa egunekoa izango da eta pertsona bakoitzak gehienez laguntzaile bat eramateko aukera izango du. Eskaera bakoitza aztertuko da eta, kopuruaren arabera, laguntzaile kopurua zabaltzeko aukera baloratuko da. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide